Aizarnazabalgo baserri batean 400 marihuana landareko plantazioa atzeman eta 21 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 16a

Aizarnazabalgo baserri batean 400 marihuana landareko plantazio bat atzeman du Ertzaintzak, eta 21 urteko gazte bat atxilotu du, "osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarraren iruzur delitua egitea" leporatuta.

Aizarnazabalgo baserri batean 400 marihuana landareko plantazio bat atzeman du Ertzaintzak, eta plantazioaren arduraduna izatea egotzita 21 urteko gazte bat atxilotu du, "osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarraren iruzur delitua egitea" leporatuta. Astelehen goizean desegin zituen landareak poliziak. Ertzaintzak adierazi duenez, garapen fase desberdinean zeuden 400 landaretik gora atzeman dituzte, "lehortzen zeuden 900 bat zurtoin eta mila bat kukulu". Atxilotutako gaztea ertzin etxera eraman zuten, dagozkion izapideak egiteko eta, gero, epailearen aurrera eramateko.

Astelehenean goizean goiz Aizarnazabalgo baserri bat miatzera joan ziren Urola Kostako ertzain etxeko poliziak, baserri horretako lursailetan kalamua hazten ari zirenaren susmoa zutelako. Gainera, egindako ikerketei esker poliziak ondorioztatu zuen, "etxebizitzako sistema elektronikoa manipulatuta egon zitekeela".

Miaketan baserriko lursailetako berotegi batean marihuana zegoela baieztatu zuten, eta 300 bat landareko plantazioa aurkitu zuten bertan. Ertzaintzak adierazi duenez, segidan baserri ondoko pabiloi bat miatu zuten, eta bertako sotoan kalamua hazteko prestatutako hainbat gela aurkitu zituzten, "landareak hazten laguntzeko argiztapen eta aireztapen sistemekin", eta beste ehun landare. Horrez guztiaz gainera, lehortzen ari ziren 900 bat zurtoin eta mila bat kukulu aurkitu zituztela zehaztu du Ertzaintzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide