Ostiralean, Umeen egunarekin hasi zen festa Aizarnazabalen, eta ordutik jaiak ez du etenik izan herrian. Gaur, larunbata, Samiel eguna ospatu dute, eta eguraldi aparta egokitu zaie herritarrei festaz gozatzeko.
Goizean goiz, dultzaineroen kalejirarekin esnatu dira aizarnazabaldarrak, eta ondoren, meza izan da. 12:00etan, berriz, Bolo Txapelketa hasi da herriko plazan, eta aldi berean, XXXV. Sagardo Lehiaketa izan da. Herritarrek sagardoa eta txorizo egosia dastatu ahal izan dute plazan, eta giro aparta sortu da.
Iturribide baserria izan da XXXV. Sagardo Lehiaketaren garailea, 46 punturekin; bigarren eta hirugarren postuan, berriz, Sarasola Berri eta Intxaurregi baserriak sailkatu dira, 39na punturekin. Bi parte-hartzailek puntuazio bera lortu dutenez, bigarren eta hirugarren postuetarako berriro lehiatu dira Sarasola Berri eta Intxaurregi baserriak, eta lehenak erdietsi du zilarrezko domina. Txapelketan Zubiaurre, Etxabe Palazio eta Etxabe Errota baserriek ere parte hartu dute.
Arratsaldean jarraitu du festak, herri kirol saioa izan baita. Batetik, Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa izan da; Jon Larrañagak, Uxer Mozok eta Axier Mujikak parte hartu dute. Bestetik, aizkolariak aritu dira; Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harri-jasotzaileak ere izan dira; Urra eta Hodei Izeta eta Peña eta Goikoetxea. Horrez gain, harri jasotze erakustaldia ere ikusi ahal izan da, Jexux Mari Izeta Izeta III.a eta bere seme Jakesen eskutik. Festei agur esateko, Joselu Anaiak taldearen berbena izango da Aizarnazabalen.
Hona hemen Samiel eguneko argazki bilduma: