Gaurkoarekin, hiru festa egun dituzte aurretik Aizarnazabalen

Nerea Uranga 2019ko irailaren 27a

Gaur, ostirala, goizez eta arratsaldez Umeen Eguneko ekitaldiak izango dituzte Aizarnazabalen. 20:00etan, estreinakoz kalera aterako da Batukada Herrikoia. Igandean, Samiel egunean, da herriko sagardo txapelketa.

Samielak bete-betean hasiko dira gaur Aizarnazabalen, Umeen Eguneko ekitaldiek eta festak hasteko txupinazoak bat eginda. Festa giroa, ordea, aurreko asteburuan ere izan zen Aizarnazabalen: joan den larunbatean, Euskal Jai eguna ospatu zutelako. Herriko plazan "giro polita" sortu zela adierazi du Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak, eta Euskal Jai egunaren balorazio positiboa egin du: "Eguraldi ederra izan genuen eta jaiak ondo irten zuen".

Gaurtik, ostirala, igandera samieletako hiru festa egun izango dituzte Aizarnazabalen. Gaur goizean eta arratsaldean Umeen Eguneko ekitaldiak izango dira, puzgarriak, apar festa eta merienda, besteak beste. 19:00etan, berriz, jaietako txupinazoa botako dute, eta ondoren Batukada Herrikoia estrainekoz aterako da kaleak girotzera. Ainara Sarasketa izan dute irakasle eta gidari batukadako parte hartzaileek. Batukadak herritarren artean harrera ona izan duela adierazi du alkateak: "Batukada osatzeko deialdia egin zen eta jende dezente apuntatu zen. Esaterako, azkenengo entseguan 21 pertsona elkartu ginen". Batukadan kalera ateratzeko "ilusioz" daudela adierazi du Arregik.

Gaur egingo den herri afariak ere harrera bikaina izan du, guztira, 263 herritarrek eman dute izena afaltzeko: 207 helduk eta 56 haurrek. Eguraldia ateri bada herriko plazan egingo dute afaria, eta bestela eskolazpian. Afalondoan jaia goizaldera arte luzatuko dute. Bihar, berriz, eguerditik aurrera izango dira ekitaldiak. Joxe Larrarteren Oroimenezko XI. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira 12:00etan hasita. Arratsaldean museko eta eskobako XV. txapelketa izango da Eskolazpian. Igandean, Samiel egunez, herriko sagardogileen XXXV. txapelketa jokatuko da. Aldi berean izango da bolo txapelketa ere. Igande arratsaldean, berriz, herri kirol jaialdiaren barruan, Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa jokatuko da, plazan.

Autobus zerbitzu berezia
Aizarnazabalgo Samiel festak direla eta, gaueko autobus zerbitzu berezia eskainiko dute bihar. Zumaia eta Airzanazabal eta Zestoa eta Aizarnazabal artean eskainiko dituzte gaueko zerbitzuak: Zumaiatik 23:00etan abiatuko da autobusa, eta 04:30ean irtenda itzuliko da; Zestoatik, berriz, 23:30ean abiatuko da, eta 04:00etan irtenda itzuliko da.

EGITARAUA

– Irailak 27, ostirala. Umeen eguna.
10:30-13:00. Puzgarriak.
13:00-14:00. Apar festa.
15:30-18:00. Puzgarriak.
18:00. Merienda.
19:00. Txupinazoa, kanpai bueltakoarekin.
20:00. Batukada herrikoia.
21:00. Herri afaria, plazan.
22:30. Txamukos mariatxiak.
Jarraian, Iratzar taldearekin berbena.
Goizaldera, txokolatea bizkotxoekin.

– Irailak 28, larunbata
12:00. Joxe Larrarteren oroimenezko XI. Pilota Txapelketaren finalak.
16:30. Zezenak eta poniak.
16:30. XV. Mus eta eskoba txapelketa.
17:00. Aire hemendik kale antzerkia.
18:00. Motor trial desafioa.
19:00. Dinbi danba taldea.
23:00. Laiotz taldearekin berbena.

-Irailak 29, igandea. Samiel eguna.
10:30. Dultzaineroen kalejira.
11:30. Meza nagusia.
Ondoren, XXXV. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
18:00. Herri kirol saioa. Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa. Lehiakideak: Jon Larrañaga, Uxer Mozo eta Axier Mujika. Aizkolariak: Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harri-jasotzaileak: Urra eta Hodei Izeta eta Peña eta Goikoetxea. Harri jasotze erakustaldia: Jexux Mari Izeta Izeta III.a, bere seme Jakesekin.
20:00-00:00. Joselu Anaiak taldearekin berbena.
Ondoren, festa bukaera koloretsua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide