Euskal Jai egunarekin festa giroan murgilduko dira Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 18a

Euskal Jai eguna ospatuko dute larunbatean Aizarnazabalen, eta hainbat ekitaldi izango da egun osoan zehar. Plazara gerturatzeko deia egin du herriko alkateak.

Jai giroan murgiltzeko prest dira aizarnazabaldarrak. Irailaren 27an botako dute Samiel festei hasiera emango dien txupinazoa, baina ohi bezala, motorrak berotzeko, Euskal Jai eguna ospatuko dute aurreko asteburuan. Modu horretan, datozen egunetan ere izango da zertaz gozatua herrian.

Larunbatean izango da Aizarnazabalgo Euskal Jai Eguna, baina ostiralean hasiko dituzte jaietako ekitaldiak. Hain zuzen ere, XI. Joxe Larrarte memorialaren lehen finalaurrekoa jokatuko dute, 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean jokatuko dute beste finalaurrekoa, eta irailaren 28an, berriz, finala.

Euskal Jai eguna egun handia izan ohi da Aizarnazabalen, eta egitarau zabala antolatu dute larunbaterako. Mari Karmen Arregi alkateak azaldu duenez, "ahal den jende gehienaren gustuko" ekintzak prestatzen saiatu dira udaleko ordezkariak, Festa Batzordeko kideak eta antolatzaileak.

Urteroko antzeko jarduerak izango dira larunbatean, baina zenbait berrikuntza ere bada aurtengorako. Izan ere, lehen aldiz, goizean kalejira egingo duten joaldun guztiak herritarrak izango dira. "Duela bi urte, herriko mutilak Azpeitiko joaldunekin atera ziren; iaz, herriko neska-mutilak eta Azpeitiko joaldunak aritu ziren kalejiran; eta aurten, joaldun guztiak Aizarnazabalgoak izango dira, neskak eta mutilak".

11:00etan, Sagarretik sagardora erakustaldia izango da. Tolarea jarriko dute plazan, eta herritarrek sagardoa nola egiten den ikusteko eta edaria egiten saiatzeko aukera izango dute.

Eguerdi partean, ohiko paella jana izango da, eta arratsaldean, Gu agustina emanaldia. Ikuskizun horretan, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza taldeko musikariek eta dantzariek Agustina Otaola raketista profesionalaren ibilerak eszenaratuko dituzte.

Horren ostean, bertso jaialdia izango da, herriko plazan, eta egunari amaiera emateko, Intzak Hik eta Gozategi musika taldeak igoko dira oholtzara, Adiskide gaztetxeak antolatuta. Intzak Hik Getariako zenbait gaztek osatutako talde hasiberria da, eta Arregik azaldu duenez, "aukera bat" eman nahi izan diete.

Artzai txakur lehiarik ez

Artzai txakur txapelketa izaten da Euskal Jai eguneko beste osagai nagusi bat, baina aurtengoan ez da halakorik izango. "Azken urteotan jende gutxiago joaten zen ikustera, eta aldaketa baten eske ari zen jendea. Gainera, antolatzaileek ere ez dute proposamenik egin beste edizio bat posible izan dadin", esan du Arregik.

Alkateak ideia bat nabarmendu nahi izan du festei lotuta: "Herriko plazari indarra eman nahi diogu festetan, eta horregatik, ekitaldi gehienak bertan egingo ditugu. Askotan jendea plazatik urrundu egin ohi da, eta haiek animatu nahi ditugu gure zentroa den gunera etortzera eta plazaz gozatzera".

Egitaraua

Hona hemen Euskal Jai eguneko nahiz samieletako egitaraua:

-Bihar, ostirala.
19:00. Joxe Larrarteren Oroimenezko XI. Pilota txapelketako finalaurrekoa. 22 urtez azpikoetan: Julen Alberdi-Salegi eta Larrañaga-Balerdi. Seniorretan: Salaberria-Mariezkurrena deta Exposito-Zezeaga.

-Irailak 21, larunbata. Euskal Jai eguna.
10:30. Kalejira herriko txistulariekin.
Ondoren, joaldunak herriko kaleetan zehar.
11:00. Sagarretik sagardora erakustaldia.
12:00. Joxe Larrarteren Oroimenezko finalaurrekoa. 22 urtez azpikoetan: Larrazabal-Gaskue eta Unai Alberdi- Apezetxea.
Seniorretan: Zubizarreta-Murgiondo eta Ioritz Egiguren-Elizegi.
14:00. Paella jana.
Ondoren, bazkalondoa girotzen Julen Alonso eta Eneritz Aulestia trikirilariak ariko dira.
16:00. Gu, Agustina emanaldia, kalean.
19:00. Bertso jaialdia, herriko plazan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Aitor Salegi, Maialen Lujanbio eta Julio Soto. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
22:30. Intzak Hik eta Gozategi musika taldeen kontzertua.

- Irailak 27, ostirala. Umeen eguna.
10:30-13:00. Puzgarriak.
13:00-14:00. Apar festa.
15:30-18:00. Puzgarriak.
18:00. Merienda.
19:00. Txupinazoa, kanpai bueltakoarekin.
20:00. Batukada herrikoia.
21:00. Herri afaria, plazan.
22:30. Txamukos mariatxiak.
Jarraian, Iratzar taldearekin berbena.
Goizaldera, txokolatea bizkotxoekin.

- Irailak 28, larunbata
12:00. Joxe Larrarteren oroimenezko XI. Pilota Txapelketaren finalak.
16:30. Zezenak eta poniak.
16:30. XV. Mus eta eskoba txapelketa.
17:00. Aire hemendik kale antzerkia.
18:00. Motor trial desafioa.
19:00. Dinbi danba taldea.
23:00. Laiotz taldearekin berbena.

-Irailak 29, igandea. Samiel eguna.
10:30. Dultzaineroen kalejira.
11:30. Meza nagusia.
Ondoren, XXXV. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
18:00. Herri kirol saioa. Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa. Lehiakideak: Jon Larrañaga, Uxer Mozo eta Axier Mujika. Aizkolariak: Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harri-jasotzaileak: Urra eta Hodei Izeta eta Peña eta Goikoetxea. Harri jasotze erakustaldia: Jexux Mari Izeta Izeta III.a, bere seme Jakesekin.
20:00-00:00. Joselu Anaiak taldearekin berbena.
Ondoren, festa bukaera koloretsua.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide