Hamabi idizalek parte hartu dute uztailaren 26tik 30era bitartean Aizarnazabalen jokatu diren XXIII. Kintopeko idi probetan. Aizarnazabalgo probalekuan lan onena egin duten idiak Benguriarenak (Bermeo, Bizkaia) izan dira: 28,5 kiloko gainkargarekin aritu dira, eta 58 plaza, sei zinta eta 2,34 metro egin dituzte. Itzain, berriz, Alegria eta Urrutia izan dituzte. Probako azken egunean aritu ziren lanean manta irabazi duten idiak, atzo iluntzean, hain zuzen. Sailkapen orokorrean bigarren Aiako Izetaren idiek egin dute, 56 plazarekin. Hauek ere atzoko saioan parte hartu zuten.
Urola Kostako gainontzeko beste idizaleak honela gelditu dira sailkapen orokorrean: Azkoitiko Isidro Erretegiak bosgarren egin du (51 plaza, lau zinta eta 1,54 metro); Orioko Olidenek hamargarren (48 plaza); eta Azkoitiko Urtiak hamaikagarren (41 plaza).
Argazkiak: Ibon Errazu