Aizarnazabalgo probazaleen Aipe elkarteak antolatuta, XXIII. Kintopeko Idi Demak jokatuko dituzte ostiraletik datorren asteartera bitartean. Lau egunez Euskal Herri osoko hamabi demalari lehiatuko dira herriko probalekuan, eta horietatik lau eskualdekoak izango dira: Urtia eta Isidro Erretegia azkoitiarrak, Oliden oriotarra eta Izeta aiarra. Ohi bezala, gauez jokatuko dituzte saioak, eta irabazleek manta eskuratuko dute. Era berean, Saizar txapelketarako puntuagarria izango dira Aizarnazabalgo kintopekoak.
Ostiralean, hilaren 26an, Juanjo Etxeberria (Gatika), Rafa Benguria (Bermeo) eta Matxain (Errenteria) lehiatuko dira; hurrengo egunean, berriz, Urtia (Azkoitia), Unai Elorrieta (Laukiz) eta Galder Bolaño (Laudio) aterako dira plazara; hilaren 29an, astelehenez, jarraituko dute demek, eta egun horretan Isidro Erretegia (Azkoitia), Oliden (Orio) eta Soarteren (Elgoibar) idiek neurtuko dituzte indarrak. Asteartean amaituko da txapelketa, eta azken saioan, Izeta (Aia), Lopategi (Birle) eta Barriola (Asteasu) lehiatuko dira.