Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Giro onean ospatu zuten atzo arratsaldean Aizarnazabalgo Sagardo Lehiaketa, eta epaimahaiak hala erabakita, Astigarragako Petritegi sagardo ekoizleak eraman zuen lehiaketaren sari nagusia. Bigarren postuan geratu zen Añota (Azpeitia), eta haren atzetik Altzueta (Hernani).
Herritarrek osatutako epaimahaiak banan-banan dastatu zituen sagardoak, eta aurtengo onena Petritegikoa dela ebatzi zuten herritarrek. Hala, txapela eta garaikurra irabazi zituen Petritegik, eta Añotak eta Altzuetak, bigarren eta hirugarren sailkatuek, garaikur bana jaso zuten.
Udaleko Ingurumen eta Nekazaritza Sailak antolatuta, seigarren urtez jokatu zen Aizarnazabalgo Sagardo Lehiaketa atzokoan, eta, guztira, hamabi sagardogilek parte hartu zuten: Alorrenea (Astigarraga), Egiluze (Errenteria), Gaztanaga (Andoain), Akarregi (Hernani), Izeta (Aia), Petritegi (Astigarraga), Bereziartua (Astigarraga), Eula (Urnieta), Aburuza (Aduna), Añota (Azpeitia), Altzueta (Hernani) eta Urdaira (Usurbil).
Epaimahaiak ez ezik, Aizarnazabalgo udaletxe aurrean elkartutako dozenaka herritarrek ere izan zuten sagardoa dastatzeko aukera. Pintxoez lagunduta, sabela betetzeko parada ere izan zuten bertaratutakoek, herriko trikitilarien doinuak entzunez.
Hona hemen atzo arratsaldeko irudiak: