Aizarnazabalgo Udaleko Ingurumen eta Nekazaritza sailak antolatuta, Sagardo Lehiaketaren seigarren edizioak hartuko du udaletxe aurreko plaza bihar arratsaldean, eta azken urteetan bezala, inguruko herrietan ekoitzitako sagardogileak lehiatuko dira txapelketan.
Joan zen urteko sagardo ekoiztetxe berberek parte hartu ahal izango dute aurtengo txapelketan: Alorrenea (Astigarraga), Bereziartua (Astigarraga), Egiluze (Errenteria), Eula (Urnieta), Gaztanaga (Andoain), Aburuza (Aduna), Akarregi (Hernani), Izeta (Aia), Petritegi (Astigarraga), Añota (Azpeitia), Altzueta (Hernani) eta Urdaira (Usurbil).
18:30ean hasiko da txapelketa, eta epaimahaiak banan-banan dastatuko du sagardoa. Ohi bezala, herritarrek osatuko dute sei epaimahaia, eta horiek ebatziko dute zeinena den sagardorik onena. Lehenengo postua lortzen duenak txapela eta garaikurra irabaziko ditu, eta bigarren eta hirugarren egiten dutenek, garaikur bana jasoko dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, "giro polita" izaten da Aizarnazabalgo Sagardo Lehiaketan, eta herritarrak ez ezik, ingurukoak ere bertaratzen dira hara. Izan ere, han elkartzen direnek ere sagardoa dastatzeko aukera izaten dute, pintxoen laguntzarekin. Aurten ere herriko trikitilariek girotuko dute txapelketa.
Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak jakinarazi duenez, udalak hitzarmena sinatu du Sagardogile Elkartearekin, sagardoari balioa emateko asmoz. "Askotan, ardoari edota txakolinari balio berezi bat ematen diogu, baina sagardoarekin ahaztu egiten gara, eta edari horrek ere badu bere lanketa". Hori hala, sagardoa eta hura ekoziteko prozesua gizarteratzeko, lehiaketan hainbat fitxa jarriko dute sagardogileek beraien postuetan, eta edari hori zer sagarrekin ekoiztuta dagoen jakinaraziko dute.