Pagoa, haritza, garia, pinua... Ondo ezagutzen ditu Esther Alberdik (Aizarnazabal, 1959) inguruotako landareak eta haien hostoak nahiz loreak. "Naturazalea" dela dio, eta baieztapen horren erakusle da haren afizioa; naturako elementuak baliatuta, era askotako eskulanak egiten ditu: koadroak, lore sortak, Gabonetako apaingarriak... Ekaineko Jan Sano eta Bizi Pozik azokan postua jarri zuen, eta hala deskubritu zuten herritar batek baino gehiagok haren afizioa.
Askotan gertatu ohi den bezala, espero gabe hasi zen zeregin horretan Alberdi. 15 urterekin, etxetik kanpo lan egiteari ekin zion, Aizarnazabalgo enpresa batean, eta 36 urte han lanean eman eta gero, itxi egin zuten lantegia, 2011. urtean. Langabezian gelditu zen orduan, eta aspaldiko nahi bati heltzeko aukera izan zuen: "Nire ama katekista izan zen bere garaian, eta beti pentsatzen nuen ni ere gustura izango nintzatekeela. Dena den, lana tarteko, ezin nuen zeregin horretan aritu, eta lanik gabe gelditu nintzenean, pentsatu nuen: ‘Oraintxe da momentua’".
Urteak daramatza katekista lanetan Alberdik, eta zeregin horretan ohi den moduan, liburu bat baliatzen du haurrei azalpenak emateko. Halere, idatzi horiek jarraitzeaz aparte, zerbait berezia egitea ere gustatzen zaio aizarnazabaldarrari. "Umeak gustura egotea nahi izaten dut, eta horretarako, beti buruari bueltaka aritzen naiz". Gabonetan, esaterako, haurrak entretenitzeko zerbait egitea gustatzen zaio. "Urte batean, etxean nituen egurrezko ohol batzuen gainean apaingarriak jarrita, eskulanak egitea otu zitzaidan". Umeek pintzelekin margotu zituzten intxaurrak, hostoak nahiz loreak, eta horiek taula gainean itsatsita eta ondoan kandela bat jarrita lortu zuten emaitza. "Asko gustatu zitzaien umeei egin genuena".
Hurrengo urteko Gabonak iritsi zirenean, eskulan bera ez errepikatzeko, beste zerbait egin beharko zuela pentsatu zuen Alberdik; eta hurrengo urtean, beste gauza bat. Alberdiren senarra asko ibiltzen da mendian, eta hark laguntzen dio landareak ezagutzen. Horrela, txilarrak, poxpolinak, askotariko hostoak nahiz loreak biltzen dituzte senarrak eta biek, eta horiek baliatuta, urtez urte, era askotako eskulanak egin dituzte katekesiko haurrek. Modu horretan, Aizarnazabalgo hainbat etxetan izango dira Alberdiren ideietatik sortutako artelanak.
Irudimena bizi-bizi
Doan lekura doala, irudimena bizi-bizi izaten du aizarnazabaldarrak: Nafarroara joaten da garia biltzera, etxe ondoan jasotzen du beste hainbat landare... "Beste batean, Peniscolan [Herrialde Katalanak] izan nintzen, eta maskor ugari bildu nituen", dio. Pixkanaka, gero eta gehiago ezagutzen ditu naturako elementuak Alberdik, eta jakinduria hori umeei ere transmititzen saiatzen da.
Haurrak entretenitzeko formula gisara hasi zena, afizioa bilakatu da Alberdirentzat. Denbora librea duenean, landareak biltzen, lehortzen nahiz margotzen aritzen da, bere burua ere entretenitzeko. "Asko gustatzen zait eskulanak egitea. Musika jarri eta lasai-lasai aritzen naiz lanean, eta erlaxatzen laguntzen dit horrek. Arazoa denbora falta da; askotan ez dugu denborarik hartzen benetan gustatzen zaizkigun gauzak egiteko", dio. Dena den, ziur bilatuko dituela uneak loreak mimatuz artelanak sortzen segitzeko.