Giro apartarekin agurtu dituzte sankristobalak Zehatz auzoan

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 14a

Aizarnazabalgo Zehatz auzoa San Kristobal jaietan murgildu zen asteazkenean, eta asteburu honetan ere festa giroa nagusitu da bertan. Gaur, igandea, giro bikainarekin agurtu dituzte festak hurrengo urtera arte. Goizean goiz, Indamendira irteera egin dute ermitatik abiatuta, eta ondoren, Toka txapelketa izan da. 13:00etan, berriz, Joxe Felix Zubizarretak motozerrarekin egurrezko irudiak egin ditu.

Arratsaldean ere ez da aspertzeko betarik izan Zehatzen, herri kirolak ikusteko aukera izan baita bertako plazan; Goenatxo III. harri jasotzaileak, eta Larrañaga eta Txikia IV. aizkolariek ikusmina sortu dute auzoan, eta giro aparta izan da nagusi. Gainera, herri kirolen aurretik eta ondoren, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak aritu dira giroa berotzen, sankristobalei behar bezalako amaiera emateko.

Hona hemen Zehatz auzoko sankristobaletako argazki bilduma:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide