Jende ugari eta giro aparta izan da Zehatz auzoan, San Kristobal egunez

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 10a

Aizarnazabalgo Zehatz auzoan San Kristobal festetan murgildu dira gaur. Eguerdian, meza izan da, eta autoak bedeinkatu ostean, Alaitsu dantza taldeak emanaldia eskaini du.

San Kristobal festetan murgildu dira gaur, Aizarnazabalgo Zehatz auzoan. 10:00etan, kanpaiak jo dituzte, eta 12:00etan meza izan da, San Kristobal ermitan. Meza ari zen bitartean, Pedro Arizagak hiru suziri bota ditu, kanpaiekin batera. Jende ugari bertaratu da ermitara, eta ezustekorik ere izan da elizkizunean: herritar bat zorabiatu da, eta anbulantzian eraman dute, badaezpada.

Meza amaitzean, ohi bezala, autoak bedeinkatu ditu apaizak, eta ondoren, Alaitsu dantza taldearen emanaldia izan da, plazan. Aizarnazabaldar ugari bertaratu da eguerdi partean Zehatzera, eta giro aparta sortu da.

Arratsaldean ere jarraituko du festak. 17:00etan, ume jolasak egingo dituzte, eta 19:00etan, Laja II.ak eta Narbaizak musikaz girotuko dute auzoa.

Larunbatean eta igandean jarraituko dute festetako ekitaldiak. Hona hemen egitaraua:

Uztailak 13, larunbata.

  • 16:30: Mus eta eskoba txapelketa. Izen-ematea 16:00retan irekiko dute.

  • 20:00: Auzo afaria karpan, Izer eta Alabier trikitilariek giroturik.

  • 23:00. Erromeria: Izer eta Alabier.

  • Amaitzean: Txokolate beroa eta baratzuri zopa.

Uztailak 14, igandea.

  • 10:00: Indamendira irteera ermitatik.

  • 12:00: Toka txapelketa.

  • 13:00: Joxe Felix Zubizarretak motozerrarekin egurrezko irudiak egingo ditu.

  • 18:00: Herri kirolak: Goenatxo III.a, Larrañaga, Txikia IVa eta auzotarrak.

  • 19:00: Ansorregi eta Larrañaga.

  • Jarraian erromeria izango da, eta txabolan ogitartekoak egongo dira.

Hona hemen gaurko argazkiak:

[flickr_set id="72157709553570197"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide