Bigarren urtez jarraian antolatu du Aizarnazabalgo Adiskide gaztetxeak Adiskidefest musika jaialdia, eta iaz bezala, Urola Kostako hainbat talderen zuzeneko emanaldiekin gozatzeko aukera izango da aurten ere, arratsaldean herriko tabernetan eta gauean gaztetxean.
Larunbatean, ekainaren 15ean, izango da Adiskidefest II, eta eskualdeko bost talde hauekin osatu dute kontzertu eskaintza antolatzaileek: Zumaiako Marlik eta The Grace of Dionysus, Zestoako Rodeo eta Polybius, eta Zarauzko Pig & Kiss. Marlikek 19:00etan hasita Uztarri tabernan emango duen kontzertuarekin hasiko da jaialdia. 20:00etan, berriz, Rodeok hartuko du lekukoa, Troxka tabernan. Pig & Kissek, The Grace of Dionysusek eta Polybiusek 22:30etik aurrera gaztetxean emango dituzten kontzertuekin borobilduko dute jardunaldia.
Tabernetako kontzertuetan ez bezala, gaztetxeko emanaldiak entzuteko sarrera ordaindu beharko da, 3 eurokoa.