Datorren ikasturtean Aizarnazabalen eskainiko dituzten jardueretan eta ikastaroetan parte hartzeko deialdiak zabaldu dituzte, eta herritarrek dagoeneko eman dezakete izena Alaitsu dantza taldean, musika eskolan, antzerki tailerrean, katekesian eta zaintza zerbitzuan.
- 6 urtetik gorako ume nahiz helduek parte har dezakete Alaitsu dantza taldean, eta horiek ekainaren 10era bitartean eman behar dute izena. Interesa dutenek Begoña Gabarainekin jarri behar dute harremanetan.
- Musika eskolak ere irekita du datorren sasoirako izen-ematea, eta bihar, ostirala, amaituko da horretarako epea. Interesa dutenek eskolara joanda edota musika eskolako irakasleei eskatuta lor ditzakete izen-emate orriak, eta horiek betetzen dituztenean guraso elkartearen buzoian utzi beharko dituzte.
- Irailetik ekainera bitartean, Mikel Ibarguren aktore zestoarrak antzerki tailerra eskainiko du Aizarnazabalgo eskolan. 4 eta 18 urte bitarteko herritarrek parte hartu ahal izango dute han, eta interesa dutenek bi modutara eman ahal izango dute izena: liburutegira joanda edo 670 45 34 56 telefono zenbakira deituta.
- Zaintza zerbitzuan izena emateko eta hango lan poltsa osatzeko deialdiak ere zabalik daude bihar bitartean. Zaintza zerbitzuan izena eman nahi dutenek guraso elkarteko kideren batekin jarri behar dute harremanetan, eta haurraren izen-abizenak eta ordutegia zehaztu beharko dizkiete horiei. Lan poltsa osatzeko ere guraso elkartearekin jarri behar dute harremanetan, eta antolatzaileek adierazi dutenez, eskolako gurasoek eta euskaraz dakitenek lehentasuna izango dute.
- Aiarnazabalgo Parrokiak, bestalde, datorren ikasturtean umeen katekesia eskaintzeko antolaketa lanak hasi ditu, eta aurten 6 urte betetzen dituzten umeak (2013an jaiotakoak) izango dira katekesiaren lehenengo mailan hasiko direnak. Katekesian parte hartu nahi duten adin horretako umeen gurasoek hilaren 16an joan beharko dute sakristiara izena ematera. Meza garaian joan beharko dute hara, hau da, 12:00etatik 13:30era bitartean.