Altuna aizarnazabaldarra garaile hango XII. uztarri motzeko idi demetan

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 28a

Aizarnazabalgo probazaleen Aipe elkarteak antolatutua, uztarri motzeko idi dema jokatu dute hiru egunez, eta Euskal Herriko hamar demalari lehiatu dira han. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu dira Irarreta eta Lopategi.

 
Altuna aizarnazabaldarra eta antolatzaileak, mantarekin. (Aipe elkartea)

 

Aizarnazabalgo probazaleen Aipe elkarteak antolatutua, uztarri motzeko idi dema jokatu dute hango probalekuan hamabigarren urtez. Hamar demalarik parte hartu dute hiru egunetan jokatu duten txapelketan, eta Altuna aizarnazabaldarra nagusitu da proban, 45 plaza eginda. Alde txikiarekin geratu da Irarreta bigarren postuan, errenteriarrak 44 plaza eta bi zinta egin osatu baititu. Hirugarren postuan, berriz, Lopategi mungiarra geratu da, 42 plaza eta bi zinta egin ondoren.
 
Joan zen ostiralean hasi ziren uztarri motzeko idi demak Aizarnazabalen, eta Irarreta, Artola oiartzuarra eta Lopategi lehiatu ziren lehen saio hartan. Zapatuan, berriz, Mendigoiti eta Altzuarren eibartarrek, Bixkiak errezildarrak eta Usazpi berritxuarrak parte hartu zuten, eta atzo, astelehena, izan zen azken saioa; Txokolate errezildarra, Isidro Erretegia azkoitiarra eta Altunaizan ziren orduan. Demen irabazle Unai Egañak HITZAri adierazi dionez, "zaila" zuten garaipena eskuratzea, bigarren postuan geratu den Irarretak ostiralean lortutako emaitzengatik eta atzo egin zuen giro umealarengatik. "Justu-justu" izan bazen ere, errenteriarraren emaitza gainditzea lortu aizarnazabaldarrak. Bestalde, Aizarnazabalgo demetan lehen sei postuetan sailkatu diren demalariak ekainaren 15ean Elgoibarren jokatuko duten demetan lehiatuko dira.
 
Duela 12 urte sortu zen Aipe elkartea, eta ordutik urtero antolatzen du taldeak uztarri motzeko idi dema. Demalariek idi bakarrarekin jokatzen dituzte uztarri motzeko probak, eta antolatzaileek adierazi dutenez, gisa horretara jokatzen diren Euskal Herriko dema bakarrak dira Aizarnazabalgoak. Taldeak, bestetik, kintopeko idi demak antolatuko ditu uztailean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide