Zortzigarren urtez, ekaina iristearekin batera egingo dute Aizarnazabalen Jan Sano eta Bizi Pozik azoka, herritarren eta baserritarren zein artisaugileen arteko "salmenta zuzena" bultzatzeko helburuarekin. Larunbatean, ekainaren 1ean, izango dute zita hara bertaratu nahi duten herritarrek, eta egun horretarako eguraldi ona iragarrita dagoenez, iaz bezala udaletxe aurrean jarriko dituzte postuak. Azoka ez ezik, ordea, izango da beste jarduerarik ere egitasmo horren barruan, udalak egitarau betea antolatu baitu larunbaterako.
10:00etan zabalduko dute azoka, eta salmenta zuzeneko eta artisauen 30 postu inguruk osatuko dute aurtengo edizioa. Aurreko urteetan bezala, euskal produktuak, edariak, ukenduak, barazkiak edota landareak erosteko aukera izango da azokan, eta inguruko artisaugileek eskuz egindako jantziak eta pitxiak salduko dituzte. Horrez gain, animaliak ere jarriko dituzte ikusgai, eta umeentzako txoko bat ere prestatuko dute, haiek jolasteko leku propio bat izan dezaten. Hori gutxi ez, eta poniekin jolasteko parada ere izango dute haurrek.
Azoka irekita dagoen bitartean, gainera, disko jartzaile batek goiz eta eguerdi partea girotu du, eta herritarrek pintxoak dastatzeko eta txotxaz gozatzeko aukera izango dute.
Uztarria egiten, zuzenean
Jan Sano eta Bizi Pozik azokaren osagarri gisa, beste bi ekintza ere antolatu ditu udalak. Batetik, bi idi parek dema saioa egingo dute udaletxe aurreko probalekuan. Hain zuzen ere, Ipiñarrieta urretxuarrak eta Odriozola oiartzuarrak parte hartuko dute erakustaldi horretan. Bestetik, goizean zehar azokara bertaratzen direnek uztarria nola egiten den zuzenean ikusteko aukera izango dute.