Ezustekorik ez da izan gaurko udal hauteskundeetan Aizarnazabalen. EH Bilduk erraz berretsi du udalean orain arte izan duen gehiengo osoa, eta Mari Karmen Arregi izango da herriko alkatea datozen lau urteetan ere.
323 boto lortu ditu EH Bilduk, 2015ean baino gehiago –273 bozka jaso zituen orduan–. EAJk, berriz, aurreko udal hauteskundeetako emaitza bera errepikatu du gaur, 71 bozekin. Koalizioak jeltzaleekiko aldea areagotu du, beraz. Hala ere, bi alderdiak jaitsi egin dira jasotako botoen portzentajean, PSE-EEk boto gehiago lortu dituelako gaur –bost– 2015ean baino –2–. Parte hartzeak gora egin du, erroldaren %74,24k eman du botoa Aizarnazabalen; EH Bildurentzat izan dira botoen %77, EAJrentzat %17 eta PSE-EErentzat %1.
Foru hauteskundeak eta Europakoak
Udalerako bozez gain, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Europako Parlamentua osatzeko hauteskundeak ere egin dituzte gaur.
Aizarnazabalen, foru hauteskundeetan ere EH Bildu izan da bozkatuena, nahiz-eta udal hauteskundeetan adinako alderik ez duen lortu: 281 boto jaso ditu koalizioak (%67), 101 EAJk (%24), Elkarrekin Podemosek 15 (%4), PSE-EEk 10 (%2) eta PP-k bakarra.
Europako hauteskundeen emaitzei dagokienez, Orain Errepublikak zerrenda (EH Bildu) izan da bozkatuena, 276 botorekin (%67), eta haren ondoren hauek izan dira bozkatuenak: EAJ (90 boto, %22), Podemos (21 boto, %5) eta PSOE (9 boto, %2).