Jai girorik ez da faltako bihar Aizarnazabalen. Batetik, Samiel Txiki jaien bigarren eta azken eguna izango dute. Bestetik, eta batera, Adiskide gaztetxeak eguerdian hasi eta igande goizaldera arte luzatuko den festa eguna prestatu du, urteurren berezi baten abiapuntu izango den ospakizuna.
Izan ere, datorren udazkenean beteko dira 30 urte Adiskide elkarte gisa eratu zutenetik. Egungo gaztetxeko kideek duela urtebete inguru jakin zuten 2019ak urteurren esanguratsua zekarrela berarekin, eta "kasualitatez" jabetu zirela azaldu dute: "Gaztetxean geunden beste kontu batzuetarako agiriak errepasatzen, eta ikusi genuen gaur egungo elkartea eratu zela 30 urte betetzen zirela justu aurten; 1989ko aktarekin egin genuen topo. Pentsatzen genuen gutxi gorabehera garai hartan izango zela, baina data zehatza horrela jakin genuen, eta erabaki genuen hori ospatu beharra zegoela".
Horrela, bihar 13:00etatik aurrera festan murgilduko dira gaztetxekoak eta herria, jai egun berezia "herritar guztientzako eguna" izatea nahi dutela azpimarratu baitute antolatzaileek.
Zentrotik gaztetxera
Pausoz pauso. Adiskide +30 urtez izena jarri diote biharko festa egunari, eta +30 horrek badu esanahia, Adiskide elkarte bihurtu aurretik ere bazelako gazte mugimendu indartsua Aizarnazabalen. Garai bateko apaizetxean zegoen Zentroan hasi zen mugimendu hori, 1974an; Aizarnan ordurako bazuten ereduari jarraituz ekin zioten bideari Aizarnazabalgo gazteek.
"Orduan ez zuten gaztetxe izena hartzen, baina garai hartan hasi ziren erabiltzen Adiskide izena. Urte batzuetan nahikoa indar izan zuen Zentroaren bueltako mugimenduak. Herriko gazte denak hor elkartzen zirela diote, jende pila bat mugitzen zela, herriko festak hein handi batean handik antolatzen zituztela, baita kantaldiak ere; Benito Lertxundirenak eta Xabier Leterenak, esaterako. Kultur egitasmoak bultzatzeaz gain, festagune garrantzitsua izan zen urteetan Zentroa", kontatu dute gaur egungo gaztetxeko kideek.
Sasoi bateko indarra galdua zuen Zentroak apaizetxea bota zutenerako, baina gazte mugimenduari eutsi diote gaur arte Aizarnazabalen, gorabeherak gorabehera. "Beraz, badira gutxienez 45 urte Aizanarzabalen gazteak elkartzen eta antolatzen hasi zirela, eta horregatik jarri diogu urteurrenaren ospakizunari +30 hori, gaztetxea elkarte gisa eratu zen dataren eta lehendik zetorren mugimenduaren uztartzea nolabait adierazi nahian, 30. urteurrena ez ezik, aurreko urte horien guztien historia ere islatzeko". Horregatik jarri dute indar berezia belaunaldi ezberdinetako herritarrak elkartzean. "Biharkoa topagune bat izatea nahi dugu, urte hauetan guztietan Adiskide elkartetik pasatu diren herritar guztiena; adiskideen topagunea, alegia, urte guztiotako 'adiskideak' elkartzeko. Belaunaldi ezberdinetako lagunek bizipenak elkarbanatzaeko egun bat izatea nahi dugu". Bide batez, "deialdi gisa" ere baliatu nahi dute jai eguna, datozen belaunaldietako gazteak ere anima daitezen gaztetxera etortzera. "Ateak irekita dauzkan elkarte bat izan nahi dugu".
Txupinazoarekin hasiko dute biharko eguna, eta ekitaldi horretan irudikatu nahi dute gazte mugimenduaren belaunaldi arteko transmisioa. Horretarako, besteak beste, urteurreneko kantu berria sortu dute gaztetxekoek, eta txupinazoaren ekitaldian kantatuko dute. Bideokoa da kantu berria; Aritz Villarrek egin du musika, Villar beraren, Janire Garateren, Iban Gorritiren eta Haritz Gorritiren artean idatzi dute letra, eta 4wok taldeak grabatu du.
https://youtu.be/sD0h0dU-FPY
Bestetik, momentuz zehaztu gabe dauden arren, urtean zehar 30. urteurrenari lotutako egitasmo gehiago gauzatzeko asmoa dute gaztetxekoek.
Gauerako autobusak
Bihar gauean autobus zerbitzu bereziak egongo dira Zumaiatik eta Zestoatik Aizarnazabalera.
Zumaian 22:30ean aterako da autobusa, eta 03:30ean izango da itzulerakoa Aizarnazabalen. Zestoatik, berriz, 23:00etan irtengo da autobusa, Aizarnazabaldik 04:00etan itzultzeko.
Egitaraua
Hau da biharko festa egunaren egitaraua:
13:00. +30 urteari txupinazoa, gaztetxearen ibilbidean parte hartu duten lagunen eskutik, gaztetxean.
13:30. Adiskide makroargazkia eta poteo musikatua Batukada Feministarekin, herrian zehar.
14:30. Bazkari herrikoia, eskola azpian. Bazkalostean kantaldia izango dute.
19:00. Elektropikala elektrotxarangarekin kalejira.
23:00. Kontzertuak: Gora Etorri eta Egurra ta Kitto. Eskola azpian.
02:00. DJ Goiko Reverse, gaztetxean.