Aizarnazabalgo EAJren alkategaia

Iratxe Ziarrusta: "Gauza asko hobetu daitezke oraindik Aizarnazabalen"

Mailo Oiarzabal 2019ko maiatzaren 10a

Oposizioko zinegotzi bakarra izan da Ziarrusta (Durango, 1973) azken lau urteetan. Ekonomia sustatzeko eta herritarren egunerokoa errazteko neurriak proposatzen ditu.

Oposizioko zinegotzi bakarra izan zara azken agintaldian Aizarnazabalgo Udalean. Nola baloratzen dituzu azken lau urteak?

Oso gustura egon naiz lau urteotan, esperientzia positiboa izan da niretzat. Baina agintaldi honetan Udal Gobernuak egin duen lana ikusita, iruditzen zait gauza batzuk aldatzeko beharra badagoela, herria hobetzeko.

Zeintzuk dira aldatzeko beharra duten gauza horiek? Zer proposatzen duzue herria hobetzeko?

Ekonomiaren sustapenari dagokionez, industriari eta industrialdeari bultzada ematen jarraitzeko eta industria ehuna aberasten jarraitzeko beharra dagoela uste dugu. Bestetik, turismoa bultzatzea nahi genuke. Urola Kostan asko bultzatzen da kostako herrietako turismoa; baina gero jende asko dago, adibidez, Aizarnazabal ezagutzen ez duena, eta guk uste dugu herriak baduela potentziala turismoa erakartzeko.

Herritarren egunerokoari dagokionez ere, gauza asko hobetu daitezke oraindik Aizarnazabalen. Adibidez, daukagun autobus zerbitzua ez da oso ona, geltokiak batez ere beheko errepide nagusian daudelako, eta dauden horiek ere oso gaizki daude; oinezkoentzako pasabide bat behar da derrigor. Herriko sarrera-irteera ere ez da batere egokia, trafiko gehiegi dago, herri txiki bat izateko. Alternatiba berriren bat bilatzen saiatu beharra dago, jendea kalean lasaiago ibil dadin. Kutxazainaren kontua ere hobetzeko dago; momentu honetan bakarra dago herrian, eta dagoen bakar hori izorratuta egoten da askotan; beste bat jartzea komeni dela uste dut, edo bestela, dagoena berritzea eta zerbitzua hobetzea. Eta lehentasuna da guretzat udaletxean irisgarritasuna hobetzea; herritar guztion etxea da eta guztiok izan beharko genituzke bertaratzeko aukerak.

Zuen alderdiak zinegotzi gehiago lortzeko aukerarik ikusten al duzu?

Orain dela lau urte ere hortxe-hortxe ibili ginen, bigarren zinegotzia lortzekotan. Oraingoan ez dakit zer gertatuko den.

Zergatik eman behar diote botoe aizarnazabaldarrek EAJri?

Jendeak kalean helarazi dit aldaketa behar dela, baina ikusiko dugu nahi hori emaitzetan islatzen den edo ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide