Alkate izan zara azken agintaldian eta berriro aurkeztu zara zerrendaburu. Azken lau urteen zer balantze egiten duzu?
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra hasita zegoen aurreko agintalditik eta horri segida eman diogu azken lau urteotan. Uste baino lan gehiago eman digu, ordea, eta oso aurreratuta dagoen arren, oraindik bukatu gabe gaude. Horixe da zintzilik gelditu zaigun gai nagusiena. Gainerakoan, pentsatuta genituen lanak egitea lortu dugu, gure ustez behintzat. Nahiko nuke beste agintaldi bat egitea, behintzat, hasi ditugun proiektuak bukatzeko.
Gauzatutako proiektuen artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Etxabeko bidea, adibidez; aspalditik zetorren arazoa zen eta agintaldi honetan lortu dugu horri irtenbidea ematea. Uren kanalizazioa prestatzeko lanak ere nabarmenduko nituzke; datorren agintaldian bukatzea nahi genituzke gelditzen zaizkigun apurrak. Aizarnazabalek ur zikinak zein garbiak ibaira botatzen ditu oraindik, baina Foru Aldundiak aurreikusita dauka Oikian ur zikinentzako biltzaile berria jartzea, eta hura egiten dutenerako prest izango ditugu geuk egin beharreko lanak, herriko urak hara bideratzeko. Diputazioak prestatu zuen bi faseko egitasmoan, hasieran ez zuen sartu Aizarnazabal; baina aldundiari gure beharrak azaldu ondoren, azkenean sartu dute lanen egutegian, 2023rako.
Aipatutakoez gain, zer beste helburu dituzue datozen lau urteetarako?
Etxebizitzak egin nahi ditugu eta badaude interesa azaldu duten eraikitzaileak. Etxebizitza beharra daukagu. Gutxi daude salmentan eta daudenen artean gehienak dira familiabakarrak, bertako gazteen erosketa ahalmenetik kanpo gelditzen direnak. Alokairuko etxerik, berriz, ez dago. Arazoa nahiko serioa dela iruditzen zaigu. Batik bat, bertako jendeak bertan gelditzeko aukera izatea nahi dugu. Hori da datorren agintaldirako gure asmo nagusia. Etxebizitza pasiboak izango dira,material eta diseinu jasangarriagoa dutenak.
Bestetik, herriko sarrera-irteerei irtenbide bat eman nahi diegu, eta datozen lau urteetan gauzatzea zaila izan daitekeen arren, gaia lantzea eta hurrengo agintaldirako prestatuta uztea nahi dugu. Horrez gain, Zubialden semaforodun zebrabidea jartzea ere bada gure lehentasuna. Horretan ari gara, baina ez da gure kontua bakarrik, aldundiak ere eskumena duelako hor; uste dut lortuko dugula.
Zergatik eman behar diote botoa aizarnazabaldarrek EH Bilduri?
Herri programan jaso dugun bezala, herritarrek osatutako lantaldea gara, lana egiteko gogotsu gaude, eta herriarekin eta herriarentzako egingo dugu lan, orain arte bezalaxe.