Beñat Segurola (Aizarnazabal, 1990) erremontistak Sagardoaren Txapelketako finala irabazi zuen joan zen larunbatean, Endika bikote zuela. Sei urtean, bigarrenez irabazi du lehia horretako txapela, eta "gustura" da osatu duen txapelketarekin.
Txapelketa bikaina jokatu duzue Endikak eta biok. Partida guztiak irabazi dituzue. Gustura al zaude?
Txapelketaz balorazio oso ona egiten dut; izan ere, lehiako norgehiagoka guztiak irabazi ditugu. Endikak eta biok oso gustura jokatu dugu txapelketa, eta txapela jantzita, oso pozik gaude.
Nolakoa izan da txapelketa?
Guretzat, pertsonalki, oso borobila izan da. Partida denetan maila ona eman dugu. Txapelketan, berriz, bikote oso onek parte hartu dute, batzuek besteek baino lan gehiago eman digute, baina denei irabazi diegu.
Espero al zenuten txapelketa horrela ateratzea?
Egia esan, une oso onean harrapatu nau txapelketak. Partida oso onak ari nintzen egiten, eta enpresak horregatik eman zidan lehian parte hartzeko aukera. Izan ere, enpresak erabakitzen du zein pilotarik parte hartuko duten txapelketetan.
Finala ere aise irabazi zenuten.
Bai, uste baino errazago. Txapelketako ligaxkan ere jokatu genuen Ezkurra II.aren eta Garcesen kontra, eta orduko hartan, 40 eta 36 irabazi genien. Finalean, berriz, errenta handitu genuen, ligaxkan baino errazago aritu baikinen. Oso gustura sentitu nintzen finalean; izan ere, hasiera-hasieratik lortu genuen abantaila. Oso ondo moldatu ginen Endika eta biok.
2016an ere Endikarekin batera irabazi zenuen Sagardoaren Txapelketa.
Bai, hala da. 2016an ere onenekin jokatzeko aukera eman zidaten, eta justu Endika egokitu zitzaidan orduan ere bikote. Txapelketa oso ona egin genuen orain dela hiru urte ere; uste dut partida bat ez beste guztiak irabazi genituela.
Banakako Txapelketa ere aurki hasiko da. Parte hartuko al duzu?
Ez dakit oraindik. Dena den, laster bigarren mailako erremontisten txapelketa ere hasiko da, eta oraindik bikoteak egin gabe badaude ere, parte hartuko dut lehian. Gero etorriko da banakakoa; nik nahi dut jokatzea, baina ea enpresak zer erabakitzen duen.
Banakako edo binakako txapelketak, zeintzuk dituzu nahiago?
Binakakoak, dudarik gabe. Banakakoa zaila izaten da; sakearekin-eta ohitu gabe nago. Gainera, erremontatzea ere kostatu egiten zait banakako partidetan.
Noiz hasi zinen erremontean jokatzen?
2013an egin nuen debuta. 18 urterekin hasi nintzen erremontean; ordura arte esku pilotan aritzen nintzen. Eskuetatik gaizki ibiltzen nintzen, eta lagun batek gomendatuta, erremontea probatu nuen. Gustatu egin zitzaidan, eta horretan jarraitzen dut.
Zer egoeratan dago erremontea?
Egoera kaskarrean. Jende gutxi joaten da orain frontoira, egoera ez da inolaz ere lehengoa. Lehen ostegunetan goraino beteta egoten zen Hernaniko [Gipuzkoa] Galarreta pilotalekua, eta orain oso lagun gutxi joaten da partidak ikustera.
Nola moldatzen zara erremontea eta lana uztartzeko?
Goizez eta arratsaldez, asteka txandakatuz egiten dut lan. Arratsaldez naizenean, ez dut kasik entrenatzen; goizez naizenean, berriz, astearteak aprobetxatzen ditut Galarretan entrenatzeko. Gainerakoan, Aizarnazabalgo gimnasioan aritzen naiz prestatzen.