Aizarnazabalgo EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako osatu duen hautagai taldea aurkeztu zuen joan den larunbatean, Indamendi zahar eta kultur etxean. Ekitaldia girotzeko, pare bat bertso kantatu zituzten, eta segidan, taldea aurkeztu eta herri programaren berri eman zuten. Gitarraz abesti bat jo zuten ondoren, eta jatekoa eta edatekoarekin amaitu zuten saioa. Sagardotegian afaria egin zuten eguna ondo amaitzeko.
"Herritarrez osatutako taldea" prestatu duela azpimarratu du Aizarnazabalgo EH Bilduk. "Herriarentzako egingo dugu lan eta herritarrak bertan geratu eta eroso sentitzea da gure nahia", azaldu du koalizioak. Horretarako, "orain arteko bideari" jarraituko dio taldeak. "Gogoz eta ilusioz gatoz, hasitako proiektuei bukaera ematera eta herritarron beharretan oinarritutako proiektu berriak martxan jartzera. Erronka samurra izango ez den arren, ziur gaude denon parte hartzearekin eta lankidetzarekin aurrera jarraitzea lortuko dugula".
Euskal Herriak bake eta bizikidetza prozesua bizi duela nabarmendu du koalizioak, eta hori "behar-beharrezko tresnatzat" jotzen du taldeak etorkizuna altxatzen jarraitzeko. "Hala ere, badago oraindik egitekorik; presoek, iheslariek eta deportatuek pairatzen duten egoera salatu eta etxean nahi ditugula ozen oihukatzen dugu. Izan zirelako baikara eta garelako izango baitira", esan dute.
"Herritarrengandik hurbil"
Koalizioak adierazi du "herritarrengandik hurbil" dagoen taldea izaten ahaleginduko dela, "herritarren behar eta kezkak zuzenean jasoz". Horretarako, herritarrekin nahiz auzotarrekin bilera irekiak egiten jarraituko dutela azaldu dute. "Ezinbestekoa deritzogu elkarren arteko harremana konfiantzan eta gertutasunean oinarritzea. Jakinekoa duzue udaleko ateak zabalik dituzuela nahi edo behar duzuenerako".
Herritarrez gain, herriko elkarteengandik ere gertu egon nahi du Aizarnazabalgo EH Bilduk. "Elkarlanean arituz gero, denontzat errazagoa izango da, baita eraginkorragoa ere. Herri txikia izanik, oinarrizkoa iruditzen zaigu herriko elkarteak indartsu mantentzea, herri aktibo eta dinamiko bat izateko. Denon parte hartzearen garrantziaren kontzientzia zabaltzen ahaleginduko gara".
Hizkuntza ere izan du hizpide taldeak. "Euskara da gure hizkuntza, eta herritar denok euskaraz jakitearen aldeko lanean jarraituko dugu, ikasi nahi dutenei euskarazko saioak doan eskainiz. Euskararekin lotutako Bikain ziurtagiria eskuratu nahiko genuke; hori lortzeko, toki publikoetako dokumentuak euskaraz egon beharko lukete".
Gainera, herritar denak "maila berean" egoteko lan egingo dutela nabarmendu dute. "Oraindik, etorkinek eta emakumeek bigarren mailako herritarrak garela sentitzen dute askotan, sexuaren eta arrazaren araberako lan-banaketak bizi baititugu".
Hautagai taldea, prest
Aizarnazabalgo Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Honako hau da zerrendaren hurrenkera: