Beste urte batez, Samiel Txiki eguna ospatuko dute Aizarnazabalen maiatzaren 8an, eta ospakizunekin jarraituko dute maiatzaren 11n. Asteazkenean, maiatzak 8, krosarekin hasiko da Samiel Txiki eguna, eta hori izango da aurtengo festetako aldaketako bat. Izan ere, orain arte umeek larunbatean jokatzen zuten krosa, baina aurten, Samiel Egunera aldatu dute ekitaldia, zapatuan ekitaldiak ez pilatzeko asmoz. Izan ere, egun horretan Gaztetxeko 30. urteurrena ospatuko dute herrian, eta horren harira ekitaldi ugari izango da herrian.
18:00etan hasiko da lasterketa, eta amaitzean, eskulanak egiteko eta aurpegiak margotzeko aukera izango dute umeek. Ondoren, Orots taldearen dantzaldiarekin borobilduko dute Samien Txiki eguna.
Maiatzaren 11n ere hainbat ekitaldi antolatu dute Samiel Txiki festak ospatzeko; besteak beste, martxa neurtu luzea eta motza izango dira. Aizarnazabal inguruetako txokoak zeharkatuko dituzte mendi ibilaldian, eta herritarrek sei eta hamabi kilometroko ibilbideak izango dituzte aukeran. Antolatzaileen arabera, "edonork" egiteko moduko martxa izango da larunbatekoa, eta umeekin egiteko aproposa izango dela gaineratu dute. Egunean bertan eman ahal izango da izena, eta ibilaldia amaitzen duten umeei zigilua jarriko diete. Aizarnazabalgo udaletxe aurrean hasiko da martxa, eta amaieran, hamaiketakoa izango dute mendizaleek.
Hona hemen Samiel Txiki jaien egitaraua:
- Maiatzaren 8a, asteazkena. Samiel Txiki eguna.
- 18:00etan, krosa.
- 18:30etik 19:00etara, Eskulan eta aurpegi margoketa txokoa, Zahar etxe aurrean.
- 19:30ean, Orots taldearekin dantzaldia.
- Maiatzaren 11, larunbata.
- 09:00etan eta 09:30ean, martxa luzea eta motza, hurrenez hurren.
- Ondoren, hamaiketakoa parte hartzaileentzat.
- 17:30ean, gazte eta helduentzako Zunbatroia.
Samiel Txiki jaiez gain, datorren astean ekitaldi gehiago izango dira herrian, Aizarnazabalgo Gaztetxeak 30. urtemuga ospatuko baitu larunbatean, maiatzak 11.