Aizarnazabalgo Gaztetxeak urteurren berezia ospatuko du maiatzaren 11n, egun osoko festarekin

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 30a

Bazkari herrikoia, kalejirak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste, Adiskide Gaztetxea modu ofizialean eratu zeneko 30. urtemuga gogoan. "Herri osoarentzako eguna" izatea nahi dute antolatzaileek. Bazkarirako txartelak, helduentzat zein umeentzat, salgai daude herriko tabernetan. Gauean autobus zerbitzu bereziak izango dira Zumaiatik eta Zestoatik joan-etorriak egiteko.

Aizarnazabalgo Gaztetxeak "+30. urteurrena" du aurten; gazte mugimenduak eta gaztetxeak berak ibilbide luzeagoa duten arren, 30 urte dira Adiskide Gaztetxea elkarte gisa eratu zutela, eta data borobil hori ospatzeko egun osoko festa eguna prestatu dute maiatzaren 11rako.

Gaztetxearen festa ez ezik, "herri osoarentzako eguna" izatea nahi dutela azpimarratu dute antolatzaileek, eta aizarnazabaldar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Bazkari herrikoia, kalejirak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste, maiatzaren 11rako. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko Uztarrin eta Troxkan, eta gaztetxeko kideei eskatuta ere eskura daitezke. Bi menu prestatu dituzte, helduena eta umeena (14 urte artekoentzat); helduentzako txartelak 17 eurotan eros daitezke eta umeen txartelak 11 euro balio ditu. Maiatzaren 5a arte eros daitezke bazkarirako txartelok.

Gauean, Gora Etorri eta Egurra ta Kitto taldeek kontzertuak emango dituzte eskola azpian, eta goizaldean gaztetxean bertan jarraituko dute musika festarekin. Hori dela eta, gauerako autobus zerbitzu bereziak izango dira, Zumaiatik eta Zestoatik joan-etorriak egiteko. Zumaian 22:30ean aterako da autobusa Aizarnazabalera, eta itzulerako autobusa, berriz, 03:30ean izango da Aizarnazabalen; Zestoatik Aizarnazabalera joateko autobusa, berriz, 23:00etan irtengo da, eta 04:00etan izango da itzulerakoa.

Egitaraua

13:00. +30 urteari txupinazoa, gaztetxearen ibilbidean parte hartu duten lagunen eskutik, gaztetxean.

13:30. Adiskide makroargazkia eta poteo musikatua, herrian zehar.

14:30. Bazkari herrikoia, eskola azpian. Bazkalostean kantaldia izango dute.

19:00. Elektropikala elektrotxarangarekin kalejira.

23:00. Kontzertuak: Gora Etorri eta Egurra ta Kitto. Eskola azpian.

02:00. DJ Goiko Reverse, gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide