Aizarnazabalgo Udala udalekuak prestatzen hasi da, eta horretarako aurretiazko izen-ematea zabaldu du aurrenekoz. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena udalak uztailean eskainiko duen zerbitzurako, eta herritarrek hilaren 10era bitartean izango dute horretarako aukera. Aurretiazko izen-emateak izaten duen erantzunaren arabera erabakiko du udalak udalekuak aurrera atera ala ez. Izan ere, izena ematen duten lagunen kopuruak udalekuak antolatzeko ratioak betetzen al dituen aztertuko du udalak, eta horren arabera gauzatuko dute udako aisialdirako eskaintza.
Uztaileko bi hamabostaldietan egingo dituzte udaleku irekiak: lehenengo txanda uztailaren 1etik 12ra bitartean izango da, eta bigarren txandak uztailaren 15etik 26ra iraungo du. HH3. mailatik LH6. mailara arteko umeek parte hartu ahal izango dute udalekuetan, eta honako tarifa hau izango du zerbitzuak: Aizarnazabalgo Basakaitz eskolako ikasleek 90 eurotan izango du txanda bakoitza, eta hilabete osoan parte hartzea nahi duenak 160 euro ordainduko ditu; Basakaitzeko ikasle ez direnek, berriz, hamabostaldi bakoitza 105 eurotan izan dute, eta hilabete guztia 190 eurotan.
Aurretiazko izena emateko orriak Basakaitz eskolako sarreran dagoen buzoiaren ondoan edota liburutegian eskuratu daitezke, eta izena liburutegian bertan eman beharko dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, epez kanpo ez dute salbuespenik egingo.