Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboaz solastuko dira etzi Aizarnazabalgo gaztetxean

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 22a

Izarkom du izena Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboak, eta egitasmoaren sustatzaileek proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte Adiskide gaztetxean. Solasaldia 18:30ean hasiko da, eta nahi duen oro hurbil daiteke bertara.

Izarkom operadorearen irudia.

Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboaren inguruko hitzaldia eskainiko dute ostegunean, hilak 24, Aizarnazabalgo Adiskide gaztetxean, 18:30ean hasita. Solasaldian zehar operadore kooperatiboaren sustatzaileek proiektuaren sorreraz geroztik egindako ibilbidea azalduko dute, eta telekomunikazio burujabetza izango dute hizpide. 

Euskal Herrian "azpiegitura telematiko zein telekomunikazio zerbitzuen gaineko burujabetzarantz" bidea egiten joateko sortu zuten Izarkom. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba elkarte moduan eratu zuten operadorea, horretarako "beharra" zegoela iritzita: "Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalista gainditzeko ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako alternatiba errealak plazaratzeko beharraz jabetuta gaude. Horregatik, irabazi asmorik gabe eta herritarren elkarlaguntzan oinarrituta egiten dugu lan". 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide