Errelebo bila ari da Aizarnazabalgo Kirol Elkartea

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 4a

Azken hamabi urteetan elkarte horren ardura izan duten kideek uste dute aire berrien beharra duela taldeak. "Denboraz nahiz gogoz justu gabiltza lanak behar bezala egiteko", diote. Animatzen diren herritarrei edozertan laguntzeko prest daude.

2018ko Aizarnazabalgo San Silbestreko irudi bat; Aizarnazabalgo Kirol Elkarteak antolatzen duen probetako bat da. (Maialen Etxaniz) Aizarnazabalgo Kirol Elkartea errelebo bila ari da. Gaur egun, bost kide ditu elkarteak: Iñaki Gabarain, Xabier Gurrutxaga, Gorka Etxabe, Imanol Leon eta Unai Alberdi. Hamabi urte dira haiek herriko kirol elkartearen ardura hartu zutela, eta ordutik, hainbat eta hainbat kirol jarduera antolatu dute herrian. Dena den, azkenaldian asko aldatu da haien bizimodua, eta horrek eragin du kide berriak bilatzeko beharra. "Seme-alabak-eta izan ditugu, eta denboraz nahiz gogoz justu gabiltza lanak behar bezala egiteko", azaldu du Gabarainek. Urteotan, honako ekintza hauek antolatu izan ditu taldeak, besteak beste: urte amaierako San Silbestre lasterketa, kirol arloko hitzaldiak urrian, ekainean jokatzen dituzten Joxe Larrarte eta Gervais memorialak... "Horiek urtero egiten ditugu, baina bestelako gauza gutxi antolatu dugu azkenaldian; egutegi hori errespetatzera mugatu gara, gauza berriak antolatu gabe". Aire berrien beharra Egoera horren aurrean, Aizarnazabalgo Kirol Elkarteak aire berrien beharra duela uste dute kideek. "Uste dugu jende berria behar dugula, ideia berriekin eta gauzak egiteko gogoarekin". Gabarainek azaldu duenez, 10-12 urte inguruko seme-alabak dituzten gurasoak egokiak izango lirateke lekukoa hartzeko, adin horretako jendeari zuzendutako jarduerak antolatzeko aukera izango luketeelako. Elkarteak jende berria behar duela uste duen arren, Gabarainek argi utzi nahi izan du beraiek bidelagun izateko prest daudela: "Gu nahi duten eta behar duten guztian laguntzeko prest gaude, baina iniziatiba hartuko duen jendea nahi dugu, gu egiten ari garena baino zerbait hobea egin daitekeela uste baitugu". Herrian kirol dinamika eraginkorra izatea "garrantzitsua" dela uste dute egungo kideek, eta argi dute azken urteetan behera egin duela dinamika horrek. "Horregatik herritarrei kirol elkartera gerturatzeko deia egiten diegu".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide