Aizarnazabalgo Gaztetxeak egitaraua prestatu du Azaroaren 25aren bueltan

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 21a

Bihar izango dute lehen hitzordua: 'Nagore' dokumentala emango dute, 21:30ean. Etziko bertso afarirako sarrerak salgai daude, eta igande eguerdirako elkarretaratzea deitu dute.

Igandean, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren bueltan egitaraua osatu du Aizarnazabalgo Gaztetxeak. Bihartik igandera bitartean, hainbat hitzordu antolatu dituzte. Nagore Laffageren hilketaren gainean Helena Tabernak zuzendutako Nagore dokumentalaren emanaldia izango da aurrenekoa; bihar, osteguna, ikusi ahal izango da Gaztetxean, 21:30ean hasita. Etzi, berriz, bertso afaria izango dute Gaztetxean, hura ere 21:30ean, Eli Pagola, Alaia Martin eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariekin; sarrerak 18 eurotan jarri dituzte salgai Troxka tabernan, eta gaztetxeko kideei eskatuta ere eskura daitezke. Igandean borobilduko dute Aizarnazabalgo Gaztetxekoek Azaroaren 25a dela-eta prestatu duten egitaraua, Sozialki berdinak, gizalegez desberdinak eta erabat askeak izateko mundu baten alde leloarekin 13:00etan udaletxe aurrean egingo duten elkarretaratzearekin. Ekitaldiak antolatzearekin batera, indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako emakumeen siluetak zintzilikatu dituzte herriko kaleetan Gaztetxeko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide