Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aizarnazabalen, atzo ostirala, aurkeztu zuten Euskaraldia. Arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera trikitilariekin herrian zehar kalejira egin zuten hainbat lagunek, ostiraletako pintxo potearekin bat eginez. Herriko bi tabernetan eta Gaztetxean trago bana hartu ondoren, Zaharretxearean aurrean bildu ziren dozenaka lagun. Bertan, Euskaraldirako izena emateko aukera izan zuten herritarrek, Ahobizi edota Belarriprest rola hartuta.
Atzo arratsaldean, hogeitik gora lagun animatu zen izena ematera azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, Euskal Herri mailan egingo den ariketa sozialerako, Euskaraldirako. Aurretik, 52 lagunek zuten izena emanda Aizarnazabal.
Euskaraldia sustatzeko Aizarnazabalgo lantaldeko kide batek hartu zuen hitza ekitaldian, eta irrintzia botatzera animatzeko eskatu zien herritarrei; hiru lagun animatu ziren. Euskaraldiaren berri eman eta izena ematera animatu zituen Aizarnazabalgo herritarrak. Aurkezpen ekitaldia bukatzeko, berriz, trikitilariek lagunduta hiru bertso kantatu zituzten bertan bildutakoek.