Samielak prest dituzte Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 26a

Joan den asteburuan Euskal Jai Egunarekin festak girotzen hasi ostean, ostiralean hasiko dituzte samielak Aizarnazabalen. Umeen Egunarekin hasiko dituzte jaiak, eta herritarrek hiru egunetan izango dituzte ospakizunak. Izan ere, larunbatean, Samiel eguna ospatuko dute, eta igandean azken ekintzak izango dituzte. Tartean, kirol eta bertso ekitaldiak eta askotariko txapelketak egingo dituzte. Samiel Egunean, ohi bezala, sagardo lehiaketa egingo dute plazan, eta bertaratzen direnek txorizoa dastatzeko aukera ere izango dute. Jarraian, herritarren arteko bolo txapelketa hasiko da. Arratsaldean, berriz, mus eta eskoba txapelketak ere jokatuko dituzte eskola azpian, 16:30ean hasita. Musean parte hartu nahi dutenek 20 euro ordainduko dute bikoteko, eta lau usteletara eta lau hamarrekotara jokatuko dute; eskoban lehiatzeko, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute bikoteek, eta horiek bi usteletara eta sei hamarrekotara jokatuko dute. Irabazleek diru saria eta txapela jasoko dute. Gauean, beriz, bertso jaialdiak hartuko du pilotalekua, eta Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariek hartuko dute parte, eta Mikel Aiertza arituko da gai jartzaile lanetan. Igandean, berriz, herri kirol jaialdi mistoa egingo dute honako harri jasotzaile eta aizkolari hauek: Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Itxaso Onsalo, Nerea Sorondo, Idoia Etxeberria, Karmene Gisasola, Jokin Eizmendi, Joseba Ostolaza eta Udane Ostolaza. Goizean, berriz, Joxe Larrarte memorialaren finala jokatuko dute. Udalak dagoeneko prest du samieletako egitaraua:
  • Irailak 28,  ostirala. Umeen Eguna
Egun osoan zehar: Umeentzako jolasak. 10:30etik 13:00etara: Puzgarriak. 13:00etatik 14:00etara: Apar festa. 15:30etik 18:00etara: Puzgarriak. 18:00etan: Merienda. 19:00etan: Txupinazoa. 21:00etan: Herri afaria plazan. Ondoren: Tximeleta taldearekin berbena eta sagar dantza.
  • Irailak 29, larunbata. Samiel Eguna
10:30ean: Kanpai hotsekin batera herriko txistularien kalejira. 11:00etan: Meza Nagusia eta herriko trikitilariekin kalejira. Ondoren: XXXIV. Sagardo lehiaketa eta txorizo dastaketa. Gero: Herritarren arteko bolo txapelketa. 16:00etan: XIV. mus eta eskoba txapelketa, eskola azpian. 16:30ean: Zezen txikiak eta poniak. 17:30ean: Bakean dagoena bakean utzi umore saioa. 19:00etan: Elektrotxuflarekin kalejira. 22:30ean: Bertso jaialdia Atari Soro frontoian Ondoren: Laiotz taldearekin berbena.
  • Irailak 30, igandea.
10:30ean: Herriko txistularien kalejira. 12:00etan: X. Joxe Larrarte memorialaren finala. 12:30ean: Meza Nagusia. 16:00etatik 18:00etara: 12-16 urte bitartekoentzat mahai jokoak Zaharretxean. 17:00etan: Freshcool kale ikuskizuna, Tio Teronen semeak taldearekin. 18:00etan: Herri kirol jaialdi mistoa harrijasotzaileekin eta aizkolariekin. Amaitzean: Txamukos mariatxi taldearekin dantzaldia. Gero: Jaiei amaiera emateko traka.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide