Samielen atarian, Euskal Jai Eguna ospatzen ari dira gaur, irailak 22, Aizarnazabalen. Eguraldi politarekin esnatu da eguna, eta dozenaka lagun animatu da baserritar jantziak soinean jantzi, eta kalera irtetera, festa giroaz gozatzera. Aurten, hainbat berrikuntza prestatu dituzte Aizarnazabalgo bizilagunek, hala nola ttuntturro mixtoak. Bosna gizonezkok eta emakumezkok osatu dute gaurkoan herriko bazterrak girotu dituen ttuntturroen taldea. Bitartean, 11:00etan hasita, XI. Ardi Txakur Txapelketa jokatu da Aizarnazabalgo larreetan. Mikel Garaiar eta
Argi; Jose Luis Saizar eta
Rex; Juan Inaxio Irakulis eta
Bat; Manuel Gorriti eta Indo; J. Ramon Askargorta eta
Lucki; eta Bittor Bengoetxea eta
Truke izan dira parte hartzaileak. Ondoren, herri kirolei ekin diete frontoian, eta jende ugari animatu da erakustaldia ikustera. Arratsaldean jarraituko dute festarekin. Horretarako, aurrena sabelak betetzeko herri bazkaria egingo dute, eta kanta nahiz dantza gero.
Hona hemen Euskal Jai eguneko arratsaldeko egitaraua:
- 14:00: Paella herrikoia. Kafea guztientzat prestatuko dute.
- Ondoren: Kanta eta dantza.
- Segidan: Muxikoak herriko trikitilarien eskutik.
- 17:30: X. Joxe Larrarte memoriala. Final aurrekoak.
- 19:00: Batukada feminista.
- 22:00. Bide batez taldearekin dantzaldia.