Euskal Jai Eguna Aizarnazabalen, herritarrak jai giroan sartzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 20a, 11:01

Euskal Jai Eguna ospatuko dute larunbatean Aizarnazabalen. Ardi Txakur Txapelketa, herri kirolak, paella herrikoia, pilota partidak eta dantzaldia izango dira, besteak beste.

Iazko Euskal Jai Eguneko irudi bat. (Ainitze Agirrezabala) Hurrengo asteburuan samielak hasiko dira Aizarnazabalen, baina herritarrek ez dute ordura arte itxaron beharrik izango festaz gozatzen hasteko. Izan ere, ohi bezala, samielen aurreko larunbatean Euskal Jai Eguna ospatuko dute herrian, eta udalak dagoeneko prest du egitaraua. Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatearen hitzetan, aurreko urteetako egitarau antzekoa izango dute Euskal Jai Egunean, baina aurten, gizon eta emakumeen berdintasunerantz beste pausu bat emango dutela adierazi du. Izan ere, lehenengo aldiz, ttuntturro mistoak girotuko ditu kaleak: "Aurreko urtean, ttuntturroetan ateratzeko gogoa genuen hainbat emakumek, baina, azkenean, ez ginen ausnartu. Aurten, ordea, elkartu gara batzuk, eta prestatzen ibili gara", esan du Arregik. Hain zuzen ere, bosna gizonezkok eta emakumezkok osatuko dute ttuntturroen taldea. Ttuntturroena, orda, ez da izango berdintasuna aldarrikatuko duen ekintza bakarra Euskal Jai Egunean; izan ere, arratsaldean batukada feminista egingo dute kaleetan zehar. Larunbatean izango da Euskal Jai Eguna, baina bihar, ostiralean, hasiko dira ekitaldiak; X. Joxe Larrarte memorialaren lehen final aurrekoak jokatuko dituzte 19:00etan hasita, eta 22 urtez azpikoak eta seniorrak lehiatuko dira. Bigarren final aurrekoak, berriz, larunbatean jokatuko dituzte, eta irailaren 30ean izango dira finalak. Ikusi Euskal Jai Eguneko egitaraua, hemen: Irailak 22, larunbata:
  • 11:00: XI. Ardi Txakur Txapelketa. Partaideak: Mikel Garaiar eta Argi; Jose Luis Saizar eta Rex; Juan Inaxio Irakulis eta Bat; Manuel Gorriti eta Indo; J. Ramon Askargorta eta Lucki; eta Bittor Bengoetxea eta Truke.
  • 10:30: Ttuntturroak herriko kaleetan zehar.
  • 12:00: Herri kirol jaialdia. Bi taldeen arteko dema: lokots biltzea, bizikleta finkoa, korrika, ergometroa, aizkora eta harri jasotzea.
  • 14:00: Paella herrikoia. Kafea guztientzat prestatuko dute.
  • Ondoren: Kanta eta dantza.
  • Segidan: Muxikoak herriko trikitilarien eskutik.
  • 17:30: X. Joxe Larrarte memoriala. Final aurrekoak.
  • 19:00: Batukada feminista.
  • 22:00. Bide batez taldearekin dantzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide