Ikasturte berrirako ikastaroetarako izena eman daiteke Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 6a

  Iraila iristearekin batera, ikastaro ugari jarriko dira martxan datozen egunetan Aizarnazabalen. Besteak beste, musika tresnak jotzeko, euskara ikasi edo trebatzeko edota yoga eta dantza egiten hasteko ikastaroak antolatu dituzte herrian, eta dagoeneko izena eman daiteke horietan. Aurten, musika eskolak hainbat jarduera berri eskainiko du, eta herritar batzuen eskariak aintzat hartuta, musika tresnak ikasteko eskolak eskainiko ditu. Hain zuzen ere, pianoa, danborra, txistua, danbolina, bateria, gitarra eta dultzaina ikasteko aukera izango da, eta interesa duenak hilaren 10era bitartean eman dezake izena, musika eskolako arduradunekin harremanetan jarrita. Urrian hasiko da ikasturtea, eta eskolak astearteetan eta ostiraletan izango dira, 17:00etatik 20:00etara artean. Horrez gain, euskaraz ikasteko ikastaroak ere antolatu ditu udalak. Maila baxua eta ertaina eskainiko dituzte, eta atzerritarrei zuzendutako Aisa programa ere izango da aurten. Talde bakoitza, gutxienez, hiru ikaslek osatu beharko dute, eta izena hilaren 10ean bitartean eman ahalko da izena, udaletxean edo Lauburuko liburutegian. Euskal Jai egunerako prestatzen hasteko, berriz, dantza ikastaroa antolatu du beste urte batez Alaitsu dantza taldeak. Muxikoak, plaza dantzak, fandangoa edota arin-arina ikasiko dute irailean zehar, eta doako ikastaroa izango da. Yogako ikasturtea, berriz, urrian hasiko da, eta astelehenetan eta asteazkenetan izango dira eskolak, 18:15etik 19:45era bitartean, Lauburuko bigarren solairuan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide