Berrikuntzekin datoz sankristobalak Aizarnazabalgo Saiatzen

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 3a

Larunbatetik asteartera ospatuko dituzte jaiak. Bihar bukatuko da larunbateko auzo afarirako txartelak erosteko epea. Igandean ere plazan afaltzeko aukera izango da, ogitartekoak salduko dituztelako tabernan.

Hiru eguneko festa egitarauarekin eta zenbait berrikuntzarekin datoz aurten Aizarnazabalgo Saiatz-Zehatz auzoko San Kristobal jaiak. Indarberritu egin dute antolakuntza taldea, eta horrekin jaiei ere bultzada berria ematea nahi dute. Hamabost laguneko festa batzordea osatu dute, "auzoko ia baserri guztiak busti dira antolakuntzan", eta hiru hilabeteko lanaren ondoren, auzotarrek zein kanpotik joango direnek gozatzeko jaiak prestatu dituztela azaldu dute Saiatzeko lagunek. San Kristobal eguna, uztailaren 10a, izango da aurten jaien azken eguna; besteak beste, egun horretan ez du hutsik egingo meza ondorengo autoen bedeinkapenak. Aurretik, asteburua baliatuko dute jaien gainerako hitzordu nagusiak ospatzeko. Horien artean, zapatuan auzo afaria egingo dute; bertarako txartelak erosteko azken eguna izango da bihar, Aizarnazabalgo Uztarri eta Troxka tabernetan. Berrikuntzen artean, berriz, igandean ere auzoko plazan bertan afaldu nahi duenak izango du horretarako aukera, tabernan ogitartekoak salgai jarriko baitituzte. Horren aurretik, aizarnazabaldarren eta saiazdarren arteko herri kirol erronka jarraitzeko parada ere izango da igande arratsaldean.

Egitaraua

Uztailak 7, larunbata
  • 16:30. Saiazko Mus Txapelketa.
  • Izen ematea: ordu-erdi lehenago. 1. saria: txapelak + jasotako diruaren %50a. 2. saria: jasotako diruaren %25a. 3. saria: jasotako diruaren %10a.
  • 19:30. Txupinazoa.
  • 20:00. Auzo afaria, trikitixaz girotua.
  • 23:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin.
  • Goizaldera, baratzuri-zopa eta txokolatea.
Uztailak 8, igandea
  • 12:00. Sagardo probaketa eta pintxoak. Kata animatzeko bertsoak eta trikitixa:
    • Aitor Salegi eta Ruben Sanchez.
    • Izaro Olega eta Jurgi ituarte.
  • 17:00. Lopene bere animaliekin.
  • 18:30. Aizarnazabaldarren eta saiazdarren arteko herri kirolak.
  • 19:00. Erromeria Ansorregi eta Larrañagarekin, gauerdirarte. Afaltzeko ogitartekoak salduko dituzte.
Uztailak 10, asteartea. San Kristobal eguna
  • 09:00. Matutia.
  • 12:00. Meza, San Kristobal ermitan. Segidan, kotxeen bedeinkapena.
  • 13:00. Alaitsu dantza taldekoen emanaldia, Izaro Oleaga eta Jurgi Ituarte trikitilariekin.
  • 17:30. Ume jolasak.
  • Ondoren, txokolatada.
  • Segidan, erromeria afalordura arte, Laja II.arekin eta Narbaizarekin.
  • 22:30. Erromeria Laja II.arekin eta Narbaizarekin.
  • Bukaeran, tokolatea, festei amaiera emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide