Xabier Mikel Azparrenek irabazi du Aizarnazabalen jokatutako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 13a, 11:34

Xavier Murgiondo sailkatu da bigarren postuan, eta Mikel Mujika hirugarrenean. Elite mailan emakume bat lehiatu da: Irene Usabiaga. Junior neskek eta mutilek ere parte hartu dute proban.

Memorial Gervais probako irabazleak. (Diario Ciclista) Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa jokatu zuten atzo, asteartea, Aizarnazabalen. Bi maila lehiatu ziren: batetik, junior mutilek eta neskek Joxe Larrarte Memoriala jokatu zuten, eta bestetik, 23 urtez azpiko gizonezkoek eta emakumezkoek Memorial Gervais proba jokatu zuten. Larrarte Memoriala 19:15ean hasi zen, eta txirrindulariek Aizarnazabaletik atera eta Beduarako joan-etorria egin zuten. Jarraian, Memorial Gervais proba jokatu zuten, eta txirrindulariek Aizarnazabal-Iraeta-Bedua-Aizarnazabal ibilbidea egin zuten. Jubenilen mailan, hamabost mutil eta lau neska lehiatu ziren; 23 urtez azpikoen mailan, berriz, hamalau mutil aritu ziren nor baino nor; eta elite mailako emakume bat ere izan zen atzo Aizarnazabalen: Irene Usabiaga. 23 urtez azpikoen mailan, Xabier Mikel Azparren (Ampo) izan zen azkarrena, 27:35 denbora eginda. Bigarren postuan, Xavier Murgiondo (Ampo) sailkatu zen, 27:58 denborarekin, eta Mikel Mujikak (Eibar Hiria Energia) hirugarren amaitu zuen; 28 minutu behar izan zituen proba amaitzeko. Aizarnazabalgo txirrindulari batek ere parte hartu zuen atzo Joxe Larrarte memorialean; Gaizka Gurrutxagak, hain zuzen ere. Seigarren postuan amaitu zuen hark proba. Era berean, Gorka Etxabe ere parte hartzekoa zen lasterketan, baina Espainiako selekzioarekin entrenatzen ari dela eta, ez zen aurkeztu azkenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide