Indarberrituta ospatu dute 50. urteurrena

Mailo Oiarzabal 2018ko ekainaren 6a

Mende erdia bete du Aizarnazabalgo OBE Hettich enpresak eta ospakizun eguna izan zuten larunbatean. Altzarigintzaren krisiaren ondorioak gaindituta, produktu berrien emaitzekin gustura daude.

Larunbateko festara inguratu zen jendea, lantegiaren atarian. (Ihintza Elustondo) Eguneroko lana alde batera utzita, festa giroko jardunaldia izan zute­n Aizarnazabalgo OBE Hettich lantegian joan den larunbatean. Enpresak 50 urte bete ditu eta urtebetetze borobil hori ospatzeko ate irekien jardunaldia antolatu zuen. Langileak, zuzendaritzakoak, familiak eta herritarrak batu ziren prestatu zituzten ekitaldietara. Joxe Alberdi eta Antonio Lertxundi zarauztarrek sortu zuten duela mende erdi OBE. "OBEk Oculta Bisagras Especiales esan nahi du; eta, era berean, euskarazko hobe ere bai», azaldu du Antxon Lertxundik (Zarautz, 1968). Enpresa sortu zuten familien bigarren belaunaldiaren ordezkarietakoa da Lertxundi; egungo produkzio arduraduna da. OBE akronimoaren atzean dagoen izenak adierazten duen bezala, altzarientzako burdineria osagarriak egiten hasi ziren orain dela 50 urte Aizarnazabalgo lantegian; bisagrak, nagusiki. Gertukoak zituzten hasierako bezeroak. "Gipuzkoan, Azpeitian eta, altzari lantegi asko zeuden, eta haiek hornitzen hasi ziren", dio Lertxundik. Bi bazkide sortzaileek beste hiru langilerekin batera ekin zioten bideari, baina laster hasi zen hazten OBE. Hettich bazkide Mende erdiko ibilbidean, ezinbestean, une hobeak eta okerragoak bizi izan dituzte enpresan, baita negozioaren norabidean eragin duten aldaketa esanguratsuak ere. Duela 35 urte iritsi zen azken horietako bat, Hettich talde alemaniarrarekin elkartu zirenean; nazioarteko enpresa izan arren, OBE bezala "familia enpresa" dela nabarmendu du Lertxundik. "Negozioari bultzada berria emateko bazkide berri bat hartu beharra" izan zutelako egin zuten bat Hettichekin. Bultzada hori, besteak beste, produktu berrien ekoizpenarekin antzeman zen. Hettichekin bat egin ondoren hasi ziren sistema irristailuak sortzen, tiraderetarako edota ateetarako. "Oraindik ere horiek dira gure enpresaren produktu nagusia edo ikurra", kontatu du produkzio arduradunak. Aizarnazabalgo fabrika erdia irristailuak ekoiztera bideratuta dago gaur egun ere. Azken urteetan aldatu dena, asko, lantegiaren beste erdiaren produkzioa izan da, eta 2007ko krisiak izan du zeresana horretan. Txarrerako eta onerako 2000. hamarkadaren bigarren erdian lehertu zen krisiak bete-betean jo zuen, inguruko beste enpresa asko bezala, OBE Hettich. Urteetan bezero izandako altzarigintzako enpresak bereziki astindu zituen krisiak, Aizarnazabalgo lantegiaren jarduna nabarmen erasanez. "2008an berregituraketa bat eta planteamendu berriak egin behar izan genituen, eta ondorioz, lanpostu batzuk galdu ziren", gogoratu du Iker Lopetegik (Aizarnazabal, 1977); ikerketa eta garapen (I+G) saileko produktuen garapeneko arduraduna da bera. Krisiaren aurretik, 150 langile inguru izatera iritsi ziren OBE Hettichen. Urte zailenei buelta ematen ari direla diote, ordea, Lertxundik eta Lopetegik. 120 behargin ari dira gaur egun lanean Aizarnazabalen, OBE Hettich eta Hettich Ibericako langileak batuta. "Berriro goaz goraka", dio Lopetegik. Izan ere, enpresaren gaur egungo jarduna eta epe ertainera dituzten aurreikuspenak aintzat hartuta, krisiaren eraginak txarrerako izan zuena gerora onerako izan dela esan daiteke, nolabait. Bisagrak atzean utzita Bisagrak alde batera utzita, produktu berriak sortu dituzte 2008tik hona, eta merkatu eta sektore berrietara ari dira iristen horiekin. "Lehen, lantegi erdia irristailuak egitera eta beste erdia bisagrak egitera bideratuta bazegoen, bisagren sekzioa kendu egin genuen –lanpostuak hor galdu ziren–, eta gaur egun produktu berriak sortzen ari gara. Altzariak alde batera utzi, eta etxerako elektrogailuentzako eta automoziorako osagarriak lantzen hasi gara, eta horrek emaitza onak eman dizkigu", kontatu du Lopetegik. Horien artean dago Comfortlift ontzi-garbigailuentzako osagaia; Electrolux etxea bezero dutela, "nazioartean oihartzuna eman" diela dio Lopetegik, "sariak ere jaso ditugu". Hori, eta mahaiak gora eta behera mugitzea ahalbidetzen duen zutabe edo hanka motorizatua dira lantzen ari diren produktu berri nagusiak. "Pieza konplexuagoak ekoizten ditugu orain, eta batik bat ari gara produktu ergonomikoetara bideratzen, ontzi-garbigailuentzat, bulego altzarientzat, eta automoziorako", azaldu du Lertxundik. "Kalitate handiagoko produktuak dira, balio erantsi gehiago dutenak", gaineratu du Lopetegik. Ekoizpenaren %90 atzerrian saltzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide