Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zazpigarren urtez, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka egin dute gaur Aizarnazabalen. Eguraldi ederra egin du, eta, beraz, udaletxe aurrean jarri dute azoka. Gainera, jende ugari bertaratu da.
Guztira, euskal produktuen hamasei postu jarri dituzte aurten, askotariko jakiekin, edariekin, ukenduekin, eta bertako barazkiekin eta landareekin. Horiekin batera, hemezortzi artisauk parte hartuko dute azokan; eskulanak, jantziak, pitxiak, otarreak… zabala izango da hor ere aukera eta, berrikuntza gisara, eskuz egindako ipuinen postu bat ere jarri dute. Umeen txokoak ere ez du hutsik egin. Animalien erakusketan, berriz, herriko hamabi abeltzainek erakutsi dituzte beren abereak. Pintxoak eta txotxeko sagardoa dastatzeko aukera ere izan dute goiz-eguerdi partean azokara joan direnek. Altuna harriak, plazara
12:30ean, asto proba ikusteko aukera izan da; Aizarnazabalgo Xarparen eta Etxaberen astoek neurtu dituzte indarrak. Asto probaren bi zatien artean, berriz, herri kirolen eskutik etorri da aurtengo azokaren hitzordu berezienetakoa: Aizarnazabalgo Altuna baserriko harriak lehen aldiz atera dituzte plazara, eta haiei zeinek altxaldi gehiago eman nor baino nor aritu dira herriko Xabier Peñagarikano eta Zarauzko Mikel Lopetegi Urra harrijasotzaileak.
Azoka bukatuta, arratsaldean, pilota partidak jokatuko dituzte frontoian, eguna borobiltzeko.
Hona hemen goiz-eguerdi partean Aizarnazabalen hartutako irudiak:
[flickr_set id="72157696959166734"]