Egitarau bete-betearekin dator Aizarnazabalgo VII. Jan Sano eta Bizi Pozik azoka

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 31

Larunbatean, 10:00etatik aurrera, euskal produktuen eta artisauen azoka, animalien erakusketa, asto proba eta, lehen aldiz, Altuna harriekin norgehiagoka izango dira. Umeen txokoa, jan-edana eta musika ere ez dira faltako.

Ekaineko lehen larunbatarekin dator aurten ere Aizarnazabalera Jan Sano eta Bizi Pozik azoka. Etzi, ekainak 2, 10:00etan hasi eta 15:00 aldera arte izango da zer ikusi, dastatu, erosi eta egin, festa giroan, zazpigarren urtea beteko duen azokan eta haren bueltan. Eguraldiak laguntzen badu, udaletxe aurrean jarriko dute aurten azoka; euria bada, aldiz, frontoian. Animalien erakusketa, berriz, plaza zaharrean egingo dute. Egitarau bete-betearekin dator aurten ere Jan Sano eta Bizi Pozik. Euskal produktuen 16 postu jarriko dituzte aurten, askotariko jakiekin, edariekin, ukenduekin, eta bertako barazkiekin eta landareekin. Horiekin batera, 18 artisauk parte hartuko dute azokan; eskulanak, jantziak, pitxiak, otarreak... zabala izango da hor ere aukera eta, berrikuntza gisara, eskuz egindako ipuinen postu bat ere jarriko dute. Umeen txokoak ere ez du hutsik egingo azokan. Animalien erakusketan, berriz, herriko hamabi abeltzainek erakutsiko dituzte beren abereak. Pintxoak eta txotxeko sagardoa dastatzeko aukera ere izango dute goiz-eguerdi partean azokara joaten direnek, baita umeek pottokek eramandako karroetan ibiltzeko ere; eta guztia, musikarekin girotuta. Altuna harriak, plazara 12:30ean, asto proba ikusteko aukera ere izango da; Aizarnazabalgo Xarparen eta Etxaberen astoek neurtuko dituzte indarrak. Asto probaren bi zatien artean, berriz, herri kirolen eskutik etorriko da aurtengo Jan Sano eta Bizi Pozik azokaren hitzordu berezienetakoa: Aizarnazabalgo Altuna baserriko harriak lehen aldiz aterako dituzte plazara, eta haiei zeinek altxaldi gehiago eman nor baino nor ariko dira herriko Xabier Peñagarikano eta Zarauzko Mikel Lopetegi Urra harrijasotzaileak. Azoka bukatuta, arratsaldean, pilota partidak jokatuko dituzte frontoian, eguna borobiltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide