Haritz Gorriti, Janire Garate eta Inhar Muguruza, jaialdiaren kartelekin. (Aizarnazabalgo Gaztetxea)
Zuzeneko musika nagusi izango da larunbat iluntzean eta gauean Aizarnazabalgo tabernetan eta Gaztetxean,
Adiskide Fest jaialdiaren eskutik. Hiru kontzertu prestatu dituzte, lau talderekin, eta hiru agertokitan: 19:00etan, Zumaiako Blowing Soul taldeak Uztarrin joko du; 20:00etan, Troxkan, Azkoitiko Slaktuis taldea ariko da; eta 22:30etik aurrera, Gaztetxean, Azkoiti-Eibarko Deus Ez eta Azkoitiko Hartz taldeen txanda iritsiko da. Gaztetxeko kontzertuak ikusteko 3 euro ordaindu beharko da; tabernetakoak, aldiz, doan izango dira.
Herriko Gaztetxearen egitasmo berria da Adiskide Fest; Aizarnazabalgo Gaztetxeko Adiskide gazte taldearen izena jarri diote, hain zuzen ere, jaialdiari. Iazko azaroan antolatu zuten lehen kontzertu gaua Gaztetxean. "Oso gau polita izan zen, eta kontzertu gehiago antolatzeko gogoa egin zitzaigun", diote Adiskideko kide eta jaialdiaren antolakuntzan ari diren Haritz Gorritik, Inhar Muguruzak eta Janire Garatek.
Esan eta egin, harrezkero kontzertuak ohiko bihurtu dira Gaztetxean; "hilean behin, gutxi gorabehera", kontzertu gaua izaten dute. Aizarnazabal "talde gazteentzako plaza izatea nahi" dute, eta horregatik erabaki dute beste pauso bat ematea eta larunbateko jaialdia antolatzea, "halako musika maratoi bat izateko herrian". Antolatzaileei "dibertigarria" iruditu zitzaien kontzertuak herriko hiru gunetan banatzea, tabernariekin harremana sendotzeko, bide batez. "Herrian mugimendu gehiago sortuko da horrela, eta Gaztetxera bestelako publikoa hurbiltzeko aukera ere izan daiteke. Gainera, ikusleentzat entretenigarria izan daiteke gunez gune ibiltzea. Formula frogatzeko gogoz gaude", diote.
Herria ingurukoentzat musika plaza eta erreferentzia bihurtzeko asmoarekin lotuta, talde guztiak eskualdekoak izatea ere ez da kasualitatea: "Inguruko taldeekin hasi nahi izan dugu, hurbileko publikoa ahalik eta gehien erakartzeko. Eskualdean hamaika talde dago, eta horiek Aizarnazabaldik pasatzeko amorratzen gaude. Beraz, beste talderen batek interesa badu, harremanetan jar dadila gurekin, eskertuko diegu eta!", bota dute Adiskidekoek.
Indarberrituta
Etziko musika festa indarberritze prozesu baten emaitza ere bada. Gaztetxearen dinamika ahulduta zegoela ikusita, joan den urte amaieran "laguntza eskatu beharrean" aurkitu ziren Adiskidekoak. Asanblada irekiak egin zituzten, jende berria batu zen proiektura, eta emaitzak antzematen hasi dira. "Ideia mordoa" dute, horiek garatzeko gogoz daude, eta proposamen berriak jasotzeko ere bai.
Azpeitian eta Zestoan ere izango da festa giroa
Aizarnazabalgoan ez ezik, Azpeitiko eta Zestoako gaztetxeetan ere hitzordu garrantzitsuak dituzte asteburuan.
Zestoako Gaztetxean 29. urteurrenaren ospakizunen azken txanpan murgilduko dira bihar eta etzi. Bihar, 23:00etan hasita, Sofa eta Rural Zombies taldeen kontzertuak izango dituzte. Larunbatean, urteurreneko festa nagusiarekin agurtuko dituzte aurtengo ospakizunak; bazkaria, kalejira eta bertsio gaua egingo dituzte.
Azpeitian, berriz, aurrera darrai
Gazte Asteak. Joan den igandetik maiatzaren lehenera arte, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu du hango Gaztetxeak; baina etzikoa bereziki egun betea izango dute, bazkariarekin, Tony Rocketen kantaldiarekin eta karaokearekin.
Hain kilometro gutxiren barruan hiru gaztetxeren egitasmo garrantzitsuak batera egokitzeak "pena eman" arren, ikusten diote alderdi ona ere Aizarnazabalgoek, "esan nahi baitu gaztetxeak bizi-bizi daudela, eta hori pozgarria da". Inguruko gaztetxeekin harremanak estutzea begi onez ikusten dute, era berean, Adiskide gazte taldekoek: "Guk ez dugu harreman handirik gainerako gaztetxeekin. Hala ere, behin baino gehiagotan hausnartu dugu horren gainean eta benetan positiboa litzateke inguruko gaztetxeekin harremanetan jartzea".