Udal instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza eguneratu dute Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 11

Irabazi asmorik gabeko taldeek orain arte bezala erabili ahalko dituzte Lauburuko eta eskolako lokalak, baina diru truke aritzen direnei "kuota sinbolikoa" ezarri diete.

Lauburuko eraikina. (Aizarnazabalgo Udala) Udal eraikinen, lokalen eta instalazioen erabilera arau­tzeko ordenantzan aldaketak egin ditu Aizarnazabalgo Udalak. Orain arte, udal eraikinak erabili nahi zituztenek nahikoa zuten eskaera udaletxean aurkeztea, baina orain beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte. "Lauburuko lokaletan eta eskolan, eskolaz kanpoko eta bestelako hainbat ikastaro-eta eskaintzen dira. Baina dezenteko nahaste-borrastea ari zen sortzen, eta hori arautzea erabaki genuen", azaldu du Mari Karmen Arregi alkateak. Horrela, udalarenak diren edota udalak kudeatzen dituen lokaletan egitasmoak antolatzea nahi duten eragile pribatuei, eskolak-eta diru truke ematen dituztenei, "kuota sinbolikoa" ezarri diete: Lauburuko lokalak erabiltzen dituztenek ordubeteko euro bat ordaindu behar dute; eta eskolako lokalak erabiltzen dituztenek, berriz, 5 euro, eskolan garbitzaile zerbitzua eta berokuntza ere udalaren kontu direlako. Irabazi asmorik gabeko taldeek eta erakundeek, aldiz, orain arte bezala jarraitu ahal izango dute udal instalazioak erabiltzen. Urte hasieran onartu zuen udalbatzarrak herriko lokal eta eraikin publikoen erabilera arautzea, eta urtarriletik ari dira ordenantza berrituaren arabera funtzionatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide