Lilatoia eta babarrun jana Aizarnazabalen, Martxoaren 8a borobiltzeko

Mailo Oiarzabal 2018ko martxoaren 9a

Bihar izango dira ekitaldiak, 12:00etan hasita

Martxoaren 8ko, osteguneko, egun bete, jendetsu eta arrakastatsuaren oihartzunak isildu ez direnean, Aizarnazabalen bihar, larunbata, eutsiko diete berriro Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitasmoei. Aurreko urteetan bezala, babarrun jana antolatu dute, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunak agurtzeko. Mikel elkartean egingo dute bazkaria, eta, berez, izena emateko azken eguna atzo (martxoak 8) bazen ere, gaur, ostirala, eguerdira arte luzatu dute izena. Horrenbestez, babarrun janean parte hartu nahi dutenek bi aukera dituzte oraindik izena emateko: liburutegira joanda, edo 634 95 40 86 telefonora deituta. Baina mahaiaren bueltan eseri aurretik hitzordu berezia eta berria izango dute bihar eguerdian Aizarnazabalen: herriko lehen Lilatoi lasterketa. Donostian urtero egiten duten emakumeen lasterketa gogoan, eta «San Silvestrearen harrera ona» ikusita, Martxoaren 8ko egitarauaren barruan lilatoia antolatu du aurten udalak. Donostiakoa ez bezala, Aizarnazabalgoa mistoa izango da. «Herri txikia gara eta, emakumeentzat bakarrik eginda, motz antzean geldituko ginateke seguruenez», dio Mari Carmen Arregi alkateak. Lehen saiakera honetan, beraz, herriko gjzon-emakume guztiak animatu nahi dituzten parte hartzera. Aizarnazabalgo barruan prestatu duten ibilbideak badu berezitasun bat: zortzi zenbakiaren forma daukan zirkuitua da. 12:00etan udaletxe aurretik abiatuta, hiru itzuli eman beharko dizkiote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide