Melbournen eraikiko duten igerilekuak izango dituen itxura eta kokapena. (Urbnsurf)
Aizarnazabalgo Wavegarden enpresaren teknologiarekin eraikiko dute Australiako olatu artifizialen lehen igerilekua. Melbourne hirian egongo da surferako igerileku hori, eta era horretako munduko lehen gune publikoa ere izango da.
Enpresak berak jakinarazi duenez, martxoan hasiko ditu eraikuntza lanak Urbnsurf-ek, Aizarnazabalgoen
Wavegarden Cove teknologia Australian erabiltzeko lizentzia duen enpresak. Melbourneko erdigunetik 16 kilometrora eraikiko dute olatu artifizialen igerilekua, eta aisialdirako gune zabala ere bai, haren inguruan; besteak beste, surf eskola bat jarriko dute han.
30 olatu klase ezberdin sortzeko gaitasuna izango du Melbournen eraikiko duten igerilekuak, baita metro eta erdiko garaierako olatuak ere.
Melbournekoa aurrena izango da, baina ez Wavegardenek Australian garatuko duen azken proiektua. Izan ere, Sidney eta Perth hirietan ere antzeko egitasmoak lantzen ari direla aurreratu dute.