Aizarnazabalgo gazteak, iazko samieletan. (Aizarnazabalgo Gaztetxea)
Hausnarketarako tartea ireki eta indarrak berritzeko prozesua hasi dute Aizarnazabalgo Adiskide gazte taldekoek. Parte hartzearen eta kide kopuruaren beherakadarekin kezkatuta, Gaztetxearen dinamika berrindartu nahi dute, eta horrekin, era berean, herrikoa ere bai.
"Gustatuko litzaiguke, martxa Gaztetxean bertan geratzea baino, Gaztetxeak herrian martxa pixka bat sortzea, eta antolatzen diren egitasmoetara herritarrak animatzea. Batak besteari ematea, eta herriak ere erantzutea", diote Adiskideko kideek. Gazte berrien inplikazioa bilatzen baitute, haien parte hartzea, baina ez gazteena bakarrik. Horregatik egin zuten abenduaren 1ean bilera irekia, udaleko Gazteria sailekoekin hitz egin ondoren, "freskotasun bila, ea jende berria apuntatzen zen, eta herriak zer gogo zeukan eta nolako gaztetxea amesten zuen jakiteko". 30 lagun inguru azaldu ziren joan den asteko bilerara; tartean, "kide bihurtzeko ilusioa" duten gazteak ere bai.
Parte hartzea eta nolako egitasmoak antolatzea gustatuko litzaiekeen izan zituzten hizpide, besteak beste. Baina prozesua hasi besterik ez dute egin. "Erabaki genuen, behintzat, orain elkartzen hasiko ginela, hilean behin edo". Horrela, beste bilera baterako hitzordua jarri zuten: gaur zortzi izango da, abenduaren 15ean, hura ere Gaztetxean, 17:30ean.
Bigarren hitzordu horretarako etxeko lanak badituzte, hausnartzeko bi kontu nagusi: "Batetik, talde bezala zer nahiko genukeen erabakitzea; eta, bestetik, ondorioztatu genuen herriaren interesak ere ezagutu behar genituela, eta herritarrengana nola iritsi hausnartzekotan gelditu ginen, hurrengo bileran erabakitzeko". Herrira irekitzeko ahalegin horretan "askotan hankamotz gelditzen" direla uste dute Adiskidekoek. "Horregatik dira bilera irekiak, guk ere jakiteko herriak zer nahi duen, eta hori eskaintzen ahalegintzeko".
2014ko udan, Adiskideko gaur egungo kideak Gaztetxera iritsi zirenean, 20 bat laguneko taldea osatu zuten. Une honetan, berriz, "kide-kideak zortzi" daudela diote; "jende gutxi", dagoeneko antolatzen dituzten eta antolatu nahiko lituzketen egitasmo berriei eusteko. "Aktibitate handiagoa lortzea da gure helburua, hasieran eduki genuen maila hura berreskuratzea".
Abenduko egitasmoak
Prozesu berria alde batera utzi gabe, urte bukaerarako egitasmo bat baino gehiago dituzte esku artean Aizarnazabalgo gazteek. Alde batetik, Gabonen bueltako postal lehiaketa ireki dute aurten ere. Edonork har dezake parte, eta A4 neurrian egindako postalak aurkeztu behar dira, gaztetxean edo liburutegian, abenduaren 18a baino lehen. "Irabazleak sari bat jasoko du, eta horrez gain, irabazten duen postalaren kopiak etxez etxe banatzeko asmoa daukagu", aurreratu dute. Urtero legez, Gabon eskea antolatzen ere ari dira, musika eskolakoekin batera.
Bestetik, eta hau lehen aldiz, apainketa lehiaketa ere antolatu dute. "Gabonetarako etxeetako leihoak eta balkoiak apaintzeko ohitura dauka jende askok, eta horiei guztiei beren meritua saritzeko modu bat" izan daitekeela pentsatu dute Adiskidekoek. Urtezahar egunean erabakiko dute irabazlea zein den.
Berrikuntzekin jarraituta, herriko parkean urtero jartzen duten Olentzeroren panpinari aurten Mari Domingiren bat gehitzeko asmoa azaldu dute Gaztetxeko kideek.
Gabonak baino lehen, berriz, kontzertuak izango dituzte Aizarnazabalgo Gaztetxean. Abenduaren 16an, Marlik eta The Grace of Dionysus taldeek joko dute bertan.