Erregeen kabalkada aurrera ateratzeko boluntarioak eskatu dituzte Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 6a

Aurtengo kabalkadan "hainbat aldaketa" ere iragarri dituzte. Ondorioz, besteak beste, herriko sarreran trafikoa desbideratuko dutela aurreratu dute.

Urtarrilaren 5eko Erregeen kabalkada prestatzen hasiak dira Aizarnazabalen. Joan den hilean opariak jasotzeko izena emateko epea irekita eduki ondoren, Errege bezperako festa antolatzeko lanean jarraitzen dute. . Hain zuzen ere, kabalkada aurrera ateratzeko jendea behar dutela diote antolakuntza taldekoek, eta boluntarioak eskatu dituzte. "Jende asko mugitu behar izaten da eta esku askoren beharra izaten da", diote antolatzaileek, eta "gurasoi eta herritarrei orokorrean" dei egin diete parte hartzera. Trafikoan ere izango du eragina datorren kabalkadak. "Hainbat aldaketa" iragarri dituzten, tartean ordutegiarena eta ekitaldi berarena, eta aldaketa horien ondorio izango dira trafikoari eragingo dioten aldaketak ere. Urtarrilaren 5eko arratsaldean, "ordu erdi batez gutxi gorabehera", ibilgailuen herrirako sarrera desbideratuko dutela aurreratu du udalak. Herrira sartu behar duenak eliz bidetik, Xotei izkinatik, Goiko kaletik barrena egin beharko du, kabalkadari trabarik ez egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide