Artzain txakurren lehia berezia, Aizarnazabalgo Euskal Jaietan

Ainitze Agirrezabala 2017ko irailaren 22a

Euskal Jai egunaren barruan, egun osoko egitaraua antolatu dute biharko .Joxe Larrarteren Oroimenezko finalaurreko eskuzko partidak jokatuko dituzte gaur

Aizarnazabalgo eskola atzeko zelaian jokatuko da arraza libreko artzain txakur txapelketa. (Argazkia: Nerea Uranga). Samielak ospatuko dituzte bete-betean Aizarnazabalen, hilaren 28tik urriaren 1era, eta batzuk eta besteak ari dira herrian jaietarako prestatzen, baina aurretik, bihar, Euskal Jai eguna dute. Aurten, gainera, kolore bereziarekin datoz jaiak, izan ere, Gaztetxeko kideen egitasmo berri baten harira, herriko kaleak aizarnazabaldarrek egindako banderatxoekin apaindu dituzte. Eguraldi iragarpenaren arabera, aterkia etxean utzi eta eguzkitako betaurrekoak ateratzeko moduan dira bihar, Aizarnazabalen. Lehenago, ordea, motorrak berotzen joateko, Joxe Larrarte zenaren omenez, esku pilotako bi finalaurreko jokatuko dituzte gaur, 22:00etan. Biharko egitarauari dagokionez, berriz, bi ekitaldi berezi izango dira. Batetik, Artzain Txakur Txapelketa berezia jokatuko da, hamargarren urteurren borobila ospatzeko. Bestetik, mutxikoak dantzatuko dituzte (15:30), Alaitsu dantza taldearen ekimenez. Artzain txakur txapelketa Hamar urte beteko dira aurten, beraz, arraza libreko Aizarnazabalgo artzain txakur txapelketa egiten dutela, eta urtemuga "borobila" izanik, lehiaketa "berezia" antolatu dute. Artzain txakur txapelketetan ohiko parte hartzailea den Aizarnazabalgo Manuel Gorritiren seme Haritzen esanetan, urte guzti hauetan, udalaren laguntzaz eta Artxate elkartearen eskutik, ekitaldia "mantentzea lortu" da. Aurreko edizioetako txapeldunak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta bihar lanean ariko dira, besteak beste, Jose Ramon Orbegozo azpeitiarra Alaia txakurrarekin, Matxinbentako Pello Segurola Argirekin, Pello Pagadizabal aiarra Sutanekin eta Aizarnazabalgo Manuel Gorriti Argirekin. Haiekin batera ariko dira bihar eskola atzeko zelaian ikuskizuna eskaintzen Elgoibarko Jose Antonio Arrillaga Txiki txakurrarekin eta Galdakaoko Bittor Bengoetxea Trukerekin. Artzainek txakurrekin egin beharreko lanei dagokienez ere, hainbat berrikuntzekin dator urteurren borobila. Gorritiren esanetan, ohiko zirkuituan ongi moldatu izan diren artzainak eta txakurrak bestelako ibilbideetan nola egokitzen diren ikusteko hainbat aldaketa izango dira txapelketan: "Esaterako, banderen eta hesateen kokapena edo azken horien kopurua desberdina izango da". Mutxikoak egiteko prest Euskal Jaietan jana eta edana ez dira faltako, ez eta giroa alaitzeko musika eta dantza ere. Hala, paella herrikoiaren ondoren, mutxikoak dantzatuko dituzte, aurten bigarren aldiz. Horretarako, azken asteetan, astearteetan eta ostegunetan, Alaitsu dantza taldeak entsegu saio irekiak egin ditu mutxikoetan parte hartu nahi duten herritarrekin. Alaitsu taldeko zuzendari eta irakasle Begoña Gabarainek kontatu du Azpeitian, Donostian, telebistan... behin baino gehiagotan ikusi izan dituztela Mutxikoak. "Euskaldunona den dantza iparraldean errotuta dago, eta berreskuratzea eta herri guztia korroan bilduta dantzan jartzea erabaki genuen iaz".  Hala, iazko samieletan, herriko trikitilariei hainbat abesti prestatzeko eskatu zieten, eta lehen aldiz mutxikoak dantzatu zituzten. "Aurten, ordea, Alaitsu taldeko bi kide Azpeitira joan dira profesionalei laguntza eskatzera, eta Sahatsa dantza taldeko kide batek erakutsi dizkigu pausoak". Entseguetan, guztira, hamabost lagun inguru elkartu direla azaldu du Gabarainek, eta haietatik gizonak "gutxi" direla, "hiru bakarrik". Guztira dozena bat abesti ikasi dituztela gaineratu du, eta herritarrek, oro har, pausoak "nahikoa erraz" ikasi dituztela. "Kalean den oro mutxikoak dantzatzera animatu nahi dugu". Hona hemen Euskal Jai eguneko egitaraua: Gaur, ostirala 22:00. IX. Joxe Larrarteren Oroimenezko Pilota Txapelketaren finalaurrekoak. 22 urtez azpiko mailan Expositok eta Arangurenek Salaberriaren eta Iruritaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bestalde, senior mailan, Pello Etxeberria-Olaizola bikotea Peru Labaka-Aizpuru bikotearen aurka ariko da. Bihar, larunbata, Euskal Jai eguna 10:00. Kalejira herriko trikitilariekin. 11:30. X. Artzain Txakur Txapelketa. 13:00-14:00. Taberna ibiltariarekin kalejira. 14:00. Paella herrikoia. 15:30-17:30. Mutxikoak. 17:30. IX. Joxe Larrarteren Oroimenezko txapelketako finalaurrekoak: 22 urtez azpikoetan, Alberdik eta Ruizek Egigurenen eta Vicuñaren aurka. Seniorretan, Zubizarreta-Garmendia bikotea Etxaniz-Murgiondo bikotearen aurka. 19:00-20:30. Poteoa taberna ibiltariarekin. 23:00. Fan&Go taldea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide