Mutxikoak dantzatuko dituzte Aizarnazabalgo Euskal Jai egunean, larunbatean

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 20a

Hilaren 28tik urriaren 1era samielak ospatuko dituzte bete-betean Aizarnazabalen, eta batzuk eta besteak ari dira herrian jaietarako prestatzen, baina aurretik Euskal Jai eguna dute, larunbatean. Aurten, gainera, Euskal Jai egunean lehen aldiz mutxikoak dantzatuko dituzte, eta Alaitsu dantza taldea buru-belarri ari da entseatzen. Bestalde, larunbateko paella janerako eta irailaren 29ko herri afarirako txartelak erosteko gaur da azken eguna, eta  Uztarrin, Zahar Etxean eta Troxkan eskuratu daitezke. Bestalde, larunbatean gaueko autobus bereziak jarri ditu Lurraldebusek. Hainbat linea indartuko dituzte egun horretan: alde batetik, Zumaiatik 23:00etan aterako da autobusa Aizarnazabalera, eta goizaldera, 04:30ean, Aizarnazabaldik Zumaiara autobus zerbitzua izango da. Bestalde, Zestoatik Aizarnazabalera joateko 23:30ean zerbitzua izango da, eta, ondoren, Aizarnazabaldik 04:00etan aterako da autobusa, Zestoara. Lurraldebusek jakitera eman duenez, indarrean dagoen gaueko tarifa kobratuko da. Hona hemen Euskal Jai eguneko egitaraua: Irailak 22, ostirala: 22:00etan: IX. Joxe Larrarte Memorialaren finalaurrekoak. 22 urtez azpiko kategorian Expositok eta Arangurenek Salaberriaren eta Iruritaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Eta senior mailan Pello Etxeberria-Olaizola bikotea Peru Labaka-Aizpuru bikotearen aurka ariko da. Irailak 23, larunbata, Euskal Jai eguna: 10:00etan: Kalejira herriko trikitilariekin. 11:30ean: X. Artzain Txakur Txapelketa. 13:00etatik 14:00etara: Taberna ibiltariarekin kalejira. 14:00etan: Paella herrikoia. 15:30etik 17:30era: Muxikoak taberna ibiltariarekin. 17:30ean: IX. Joxe Larrate Memorialaren finalaurrekoak: 22 urtez azpiko kategorian Alberdik eta Ruizek Egigurenen eta Vicuñaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Eta senior mailan Zubizarreta-Garmendia bikotea Etxaniz-Murgiondo bikotearen aurka ariko da. 19:00etatik 20:30era: Poteoa taberna ibiltariarekin. 23:00etan: Berbena Fan&Go taldearekin.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide