Banderak egiten, ostiraleko tailerrean. (Aizarnazabalgo Gaztetxea)
Irailaren 23an Euskal Jai eguna eta hilaren 28tik urriaren 1era samielak ospatuko dituzte Aizarnazabalen, eta batzuk eta besteak ari dira herrian jaietarako prestatzen.
Festei begira lanean ari dira, esaterako, Gaztetxeko kideak, eta egitasmo berri bat dute, gainera, esku artean: banderatxoen erronka. "Jaietan jendearen parte hartzea sustatzea" nahi izan dute Aizarnazabalgo Gaztetxekoek, samielak "herritik eta herriarentzat" egiteko; eta, bide batez, gaztetxea bera ere herrira irekitzea nahi dute.
Parte hartzea bultzatzeko antolatu duten egitasmoak bi osagai nagusi ditu. Batetik, edukiontziak jarri dituzte herriko hamar gunetan: Erreka okindegian, Mauxe dendan, Xoteiko bateragunean, udaletxe azpian, Amilubi bideko bateragunean, eskola azpian, Etxabe postontzietan, Ermitako plazan, Lauburuko sarreran eta Zubialdeko erdigunean. Edukiontzi horietan oihalak jaso nahi dituzte, herritarrek "etxean dituzten oihal puskak, gortina zaharrak, arropa... nahi dutena" uztea.
Bestetik, jasotako oihalekin eta materialarekin banderatxoak osatuko dituzte, eta lan hori ere ahalik eta herritar gehienen artean egitea gustatuko litzaieke. "Prozesua da garrantzitsua, ez emaitza perfektua lortzea", diote. Egitasmoaren bigarren adar hori gauzatzen hasi ziren joan den ostiralean, banderatxoak egiteko lehen tailerrean. Herritar batzuk hurbildu zirela azaldu dute antolatzaileek, "baina gehiago izatea nahi" dute. Gaztetxekoek sokak eta beharrezko materiala jartzen dute herritarren esku, bakoitzak taldean edo banaka gustuko duen banderatxoa osa dezan. Datozen bi ostiraletan ere, hilaren 15ean eta 22an, 17:30ean elkartuko dira plazan zeregin horretarako. Oihal zaharrekin egindako banderatxoak herriko kaleak apaintzeko erabiliko dituzte jaietan. Samielak bukatutakoan, berriz, banderatxoak jaso eta berrerabiltzeko asmoa dute.
Txartelak eta entseguak
Euskal Jai eguneko paella janerako eta irailaren 29ko herri afarirako txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Uztarrin, Zahar Etxean eta Troxkan, hilaren 20a arte. Paella janean laguntzeko boluntario bila ere ari dira.
Bestalde, Alaitsu dantza taldea hasi da Euskal Jai egunean lehen aldiz dantzatuko dituzten mutxikoak entseatzen. Astearte eta ostegunetan egingo dituzte saioak eskolako gimnasioan, 21:00etan, nahi duen ororentzat.