Umore ukituarekin hasiko dituzte Sanmiel festak Aizarnazabalen

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 28a

Basakaitz herri eskolak 25 urte bete ditu, eta haren ordezkariek botako dute txupinazoa, 19:30ean. Aurretik, txupinazo antzeztua izango da giroa sortzeko.

Joan den larunbatean, Euskal Jai eguna izan zuten Aizarnazabalen. (Eider Bereziartua/ Urola Kostako Hitza) Ospakizunekin hasiko dituzte Aizarnazabalgo Sanmiel jaiak. 19:30ean izango da txupinazo ofiziala, eta aurtengoan, Basakaitz herri eskolako ordezkariek dute hura botatzeko ardura. 25 urte bete ditu eskolak, eta badute zer oroitu. Hasieran garai gogorrak bizi izan zituzten; sei urte pasatu zituzten borrokan, eskola eraikitzea lortu zuten arte. Baina denborak eman du bere fruitua: pixkanaka-pixkanaka, herria batzeko eta dinamizatzeko baliabide bilakatu da. Festetan, ordea, umorea ezinbesteko elementua izaten da. Eta, horregatik, txupinazo ofizialaren aurretik, antzezpen bat egingo dute Maitane Belokik eta Abel Etxabek. "15-20 minutuko komedia bat egingo dugu, jendea animatzeko eta barre pixka bat egiteko. Bi pertsonaia famatu antzeztuko ditugu –mundu guztiak ezagutzen ditu–, eta herriko kontuez ariko gara", adierazi du Belokik. Dena den, ez du xehetasun gehiegi eman nahi izan, "misterio puntu bat" mantentzea gustatzen zaielako. Aurten antzezpena egingo duten bederatzigarren aldia da. "Lehen txupinazora ez zen jenderik etortzen, eta orduan hasi ginen zerbait egiten, jendea biltzeko eta anbientea sortzeko". Hasierako helburua bete dela uste du: "Ikaragarria da; urtetik urtera jende gehiago elkartzen da". Ostiralean beste antzezpen bat egingo du bikoteak: Gure herriyan kistonak. 22:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. "Telebistako programa baten eredua hartu, eta gure erara moldatu dugu. Grabaketa batzuk egin ditugu herrian, eta horiek botako ditugu. Herriko jendeak dituen ezkutuko afizioak erakutsiko ditugu: gizon batek herriko etxeak miniaturan egiten ditu, tatuatzaile bat ere badago...". Autobus zerbitzu berezia Euskotrenek larunbat gauean autobus zerbitzu berezia eskainiko du. Zumaiatik Aizarnazabalera 23:00etan irtengo da autobusa, eta, Aizarnazabaldik 04:00etan abiatuko da bueltan. Zumaiako tren geltokian eta Patxita Etxezarretan izango dira geldialdiak. Zestoatik Aizarnazabalera, berriz, 23:30ean abiatuko da autobusa, eta itzultzeko, 04:30ean irtengo da Aizarnazabaletik. Zestoan Gurutzeko geltokian geldituko da autobusa.
GAUR, SAN MIEL BEZPERA 19:00. Txupinazo antzeztua. 19:30. Jaien hasierako txupinazoa. Ondoren. Buruhandiak. 20:00-21:30. Mariatxiak. 23:00-02:00. Erromeria, Luhartz taldearekin. BIHAR, SAN MIEL EGUNA 10:00. Diana herriko txistulariekin. 11:00. Meza nagusia. Ondoren. XXXII. Sagardo Lehiaketa, txorizo dastaketa eta herritarren arteko bolo txapelketa. 16:30. Aizarnazabalgo VI. gazteen eskuzko pilota finalak. 17:00. Bingoa. Ondoren. VIII. Joxe Larrarteren oroimenezkoaren finalak. 19:30-21:00 eta 22:00-00:00. Erromeria Naiara eta Jugatzekin. OSTIRALA, UMEEN EGUNA 10:30. Alkate txikia. 11:00-13:00. Puzgarriak. 13:00-14:00. Apar festa. 15:00-18:00. Puzgarriak. Ondoren. Zezen txikiak eta merendola. 19:00. Buruhandiak. 19:30. Dantzaldia, Egan taldearekin. 22:00. Gure herriyan kistonak. 00:00. Dantzaldia, Egan taldearekin. URRIAK 1, LARUNBATA 10:00. Kalejira musika eskolako trikitilariekin. 11:00. Sahararen inguruko hitzaldia. Ondoren. Bi haima jarriko dira, kuskusa, tea eta hennarekin. *Egun osoan zehar egongo dira. Eguerdian. Postre lehiaketa. *12:30etik 13:00era aurkeztu beharko dira postreak 14:30. Guk in ta hik jan. Ondoren. Gazteekin jolasean. 16:30. XII. mus eta eskoba txapelketa, eskola azpian. 17:00. Trikitilari gazteen IV. Txapelketa. 19:00. Poteoa elektrotxuflarekin. 00:00. Disko festa Abibarekin eta Fluor party. Goizaldera. Baratxuri zopa eta gaupaseroen argazkia. Gazteen egitaraua GAUR 18:00. Txosnaren irekiera. OSTIRALA Parranda guneetan, bikoteen jolasa. LARUNBATA Guk in ta hik jan-en ostean. Gazteekin jolasean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide