Giro ezin hobean ospatu dute Aizarnazabalen Basakaitz herri eskolaren urteurrena

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko eka. 19a, 19:10

200 lagun inguru bildu dira bazkaltzeko Atari Soro pilotalekuan, eta Basakaitz eskolaren ibilbidean lanean jardun duten lau pertsona omendu dituzte: Jokin, Ana, Axun eta Ixiar.

(E. Albizu Lizaso) Garrantzitsua da Aizarnazabalgo herriarentzat Basakaitz herri eskola. Hala erakutsi dute ume, gazte zein helduek gaur, igandea, herrian eginiko jaian. Eskolaren 25. urteurrena ospatu dute, eta 200 lagun inguru bildu dira okasiorako. Mendi bueltaxka egin dute lehendabizi herrian; eta, ondoren, herritarren artean prestatutako Lipduba aurkeztu dute Lauburu kultur etxean. Eguerdian, Atari Soro pilotalekuan bildu dira festarekin jarraitzeko. Hantxe bazkaldu dute Basakaitz eskolako ikasle, irakasle, guraso eta, modu batera edo bestera, bertako zati izan direnek. Kafearen ostean, omenaldia egin diete 25 urtez eskolan lanean jardun duten zuzendariari eta irakasleei: Jokini, Anari, Ixiarri eta Axuni. Bakoitzari oroigarri bana eman die Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak. Gainera, bertan bildutako guztien artean, bertso bana abestu diete, Habaneraren doinuan. Karaokearekin eman diote jarraipena, gero, gaurko egun bereziari. Hauek dira bertsoak:
Jokinentzat:
Ignacio Zuloagan tope lanean beti fin, urteak daramatzazu Basakaitzen lan ta ekin. Herriko ume gehienek ikasi dute zurekin, makina bat anekdota beste inork ezin jakin. Harrera egiten duzu beti irrifar batekin, guztia emateko prest, helduekin nahiz umeekin. Irakasle, zuzendari, borondate onenakin, herritar guztien partez esker mila zuri Jokin!
Anarentzat:
Zestoatik etorri zen gure panadeiko dama, andereño izan baitu izena eta izana. Bloga eta irratia handia da zure lana, teknologia eskolan zu gabe akabo dana! Momenturik zailenetan zuk badezu zeresana, lankide jatorra eta erraza hartu-emana. Herri guztiaren partez zuretzat muxu andana, betiko egongo zara gure bihotzetan Ana.
Ixiarrentzat:
Andereño etorri zan Getariko arratoitik, eskola zaharra probatu berrira pasa aurretik. Bizitzan zati handi bat darama Basakaitzetik, jubilatu bada ere gogoratzen baita beti. Zenbat ume pasa diren, beronen beso artetik, jolas, kanta eta dantza pozik ikasteagatik. Muxu ta besarkada bat zuri Aizarnazabaldik, Ixiar eskerrik asko egindako danagatik!
Axunentzat:
Zubialdekoa bera Basakaitzen bidelagun, urte askoan han-hemen lanean jardun ta jardun. Eskola ta herrirako oinarri sendoa badu, herriko zein kanpokoentzat seguru dela ezagun. Gure amatxo ta amonei zenbat esker zor diegun, beraien lanari esker ze ondo bizi gean gu! Milesker eginagatik iragana etorkizun, transmisioaren eredu zaitugulako zu Axun!
[flickr_set id="72157669972652935"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide