Aizarnazabalgo Basakaitz eskola. (N. Uranga)
Herriari «bizia eta poza» eman dio 25 urtez Basakaitz Aizarnazabalgo eskolak, eta haren urteurrena ospatuko dute igandean herritarrek. Ez dira alferrik igaro 25 urte, eta asko aldatu dira eskola zein herria bera urte horietan. "Basakaitz egin aurretik, lau gela soilik genituen eskolan, eta beste lau toki utzitakoak eta aurrefabrikatutakoak ziren: oso egoera kaskarrean geuden", azaldu du Jokin Alberdi eskolako zuzendariak.
30 urte daramatza Alberdik Basakaitzen, eta eskolaren garapena ezagutu du sorreratik. Garai "gogorrak" izan ziren hastapen haiek, baina atzera begiratu, eta "merezi" zuela esan du zuzendariak. Sei urte pasatu zituzten borrokan, eskola berria eraikitzea lortu zuten arte. Ordutik, "herria batzeko" baliabidea izan da Basakaitz: euskarako eskolak, zumba saioak, katekesia eta halakoentzat gune izan da. Horrez gain, bertako lokalak zein jolastokia irekita egon dira urteotan herritar guztientzat.
Aizarnazabalen bihotza
Aizarnazabalentzat osagai garrantzitsua da Basakaitz eskola, eta bat datoz horretan zuzendaria zein Mari Karmen Arregi alkatea. "Luxua" da eskola izatea Aizarnazabalen, Arregiren hitzetan. Izan ere, "bizipoza" ematen dio udalerriari, eta herria "dinamizatzeko tresna aparta" da, alkateak azaldu duenez. "Eskolak kalean ere eragiten du, aniztasuna eta mugimendua ematen dio, eta hori oso garrantzitsua da herri txikietan", nabarmendu du. Harekin bat dator eskolako zuzendaria ere; gainera, Alberdik uste du "herri izaera" mantentzeko "beharrezkoa" dela Basakaitz.
Zuzendariaren hitzetan, Aizarnazabal "erabat euskalduna" zen duela mende laurden, baserri inguru bat zen, eta urteek aldatu dute. Gaur egun, "industria gune" bezala deskriba daiteke, eta gero eta gehiago dira beste herrialde eta udalerri batzuetatik bertara bizitzera joandako pertsonak. Hori dela-eta, eskolak paper garrantzitsua du "izaera herrikoia eta euskalduna mantentzeko".
Datorren ikasturtean, 114 haur izango dira eskolan, eta 17 langilek dihardute beharrean. Haiez gain, haur eskola dago Basakaitzen bertan, eta hamar ume eta bi begirale daude han. "Gorabehera handiko" eskola izan da: hastapenetan ume ugari ibiltzen bazen ere, izan dituzte 36 haurrekin soilik lan egin duten ikasturteak ere, baina berriro ere indarra hartu du eskolak, eta harekin batera herriak. Izan ere, Alberdiren hitzetan, "erreferente ona" da eskola Aizarnazabalen bilakaera ulertzeko.
Garai zaharrak oroitu eta berriei begiratzeko ospatuko dute festa igandean, "herri guztiari irekitako jaia". Musika, kirola, jana, edana... ez da ezer faltako.
Egitaraua
Igandea, ekainak 19
10:00. Bazkariko antolatzaile eta sukaldarien batzea, pilotalekuan.
Ondoren. Eskolako ikasle, guraso, irakasle eta herritar orori irekitako mendi bueltaxka, gosea egiteko.
13:30. 200 herritarren parte-hartzearekin grabatutako LipDub bideoaren lehen emanaldia, Lauburuko proiekzio gelan.
13:45. LipDub bideoaren bigarren emanaldia, Lauburuko proiekzio gelan.
14:00. Bazkari herrikoia, pilotalekuan.
14:30. Karaokea.