Aizarnazabalgo Jan sano eta bizi pozik azoka, iaz. (Ana Abarisketa)
Giro alaian ospatuko dute bihar, larunbata, V. Jan sano eta bizi pozik azoka Aizarnazabalen. Egunak goiz argituko du herrian, 10:00ak aldera hasiko baitira postuak zabaltzen. Azoka honen helburu nagusia izan da beti, hain zuzen, herritarren eta baserritarren arteko salmenta zuzena bultzatzea, eta jada bosgarren aldiz egingo dute.
Ohi bezala, lau gune bereiztuko dituzte azokan: lehenengoan, baserritarren produktuak dastatzeko aukera egongo da 22 salgunerekin; bigarrengoan, umeei eskainitako gunea izango da ikusgai. Hirugarrena artisautzarena izango da, eta hamazazpi postu izango ditu; azkenekoan, berriz, animaliak egongo dira, hala nola bufaloak edo oiloak. Beraz, Euskal Herri osoko produktuak izango dituzte Aizarnazabalen larunbatean. Barazki eta landareetatik hasita, kosmetika naturala nahiz gozokiak ere salduko dituzte. Herriko saltzaileak ere izango dira, jakina, azokan, eta haiek erroskillak, goxuak eta halako jakiak eskainiko dituzte.
Azokaz gain, hainbat ekitaldi egongo dira Aizarnazabalgo herrian. Gaztetxoenek pottoken gainean ibiltzeko aukera izango dute 11:30etik aurrera. 12:00etan, berriz, idi demak izango dira. Pisu libreko idi pareak 2.000 kiloko harri erakustaldia eskainiko du.
Goiz osoan zehar jan-edanak ez du hutsik egingo, eta sagardoa eta pintxoak dastatzeko aukera izango da eguerdian V. Jan sano eta bizi pozik azokan.
Urtero bezala, azokako produktuekin osatutako otarra zozkatuko dute,13:30etik aurrera.
Edadetuei omenaldia
Igandean, Jan sano eta bizi pozik azoka eta biharamunean, edadetuen eguna ospatuko dute. 12:30ean meza izango da; eta, ondoren, mokadua egingo dute Uztarrin, 13:30ak inguruan hasita. Bertsolari eta trikitilariekin ospatuko dute festa, eta han omenduko dituzte Pedro Arizaga eta Julia Etxeberria herritarrak. Urtero omentzen dituzte herriko pertsona adinekoenak herrian; eta haiei aitortza bat egiteko aprobetxatuko dute Aizarnazabalgo aiton-amonen eguna.